Koronabirusa Azpeitian

Udal zergen atzerapena onartzeko, ezohiko udalbatzarra egingo dute etzi

Koronabirusaren hedatzea saihesteko neurriak hartuta egingo dute udalbatzarra.

Zergen ordainketa irailaren 15era atzeratzea proposatuko du Udal Gobernuak. Gainera, zaintzarako nahiz merkatarien zein ostalarien kalte ekonomikoak arintzeko dirulaguntzak martxan jartzeko kreditu aldaketa egingo dute. Bilkura ostiralean izango da, 09:00etan, eta legeak jasotzen duen zinegotzien gutxiengo kopuruak parte hartuko du bertan.

Azpeitiko Udaleko ordezkariek ezohiko udalbatzarra egingo dute etzi, ostirala, 09:00etan hasita udaletxeko areto nagusian. Urgentziazko bi gai landuko dituzte: batetik, udal zergen ordainketa 2020ko irailearen 15era atzeratzea onartuko dute; eta bestetik, kreditu aldaketa bat gauzatuko dute.

Zergen kobraketaren atzerapenarekin, herritarrei ordaitzeko "erraztasunak" eman nahi dizkiotela azaldu du Nagore Alkorta alkateak: "Bizi dugun egoera berezia kontuan izanda, malgutasunez jokatu nahi dugu". Udal Gobernuak zerga ordainketa irailaren 15era atzeratzea jarri du mahai gainean, eta horixe izango dute eztabaidarako gai.

Gainera, koronabirusak eragindako alarma egoeraren iraupena zenbaterainokoa den jakitean, neurri gehiago aztertzeko konpromisoa ere hartu du alkateak. Kreditu aldaketa, berriz, joan zen astelehenean udalak martxan jarritako zaintzarako eta merkatarien eta ostalarien galerak arintzeko dirulaguntzetara 600.000 euro bideratzeko izango da.

Ezohiko bilkura ezohiko moduan egingo dute ostiralean; izan ere, koronabirusaren hedapena saihesteko prebentzio neurriak hartuko dituzte udal ordezkariek. Hain zuzen ere, legeak jasotzen duen gutxiengo zinegotzi kopurua izango da batzarrean: hemezazpi zinegotzitik zazpi –EH Bilduko lau eta EAJko hiru–.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide