Koronabirusa Azpeitian

Koronabirusa saihesteko neurriak hartzen hasi dira herrian

Koronabirusaren irudia, mikroskopio baten bidez hartua.

Atzora arte emandako datuen arabera, Azpeitian ez dute koronabirus kasurik atzeman. Dena den, hainbat eremutan hasi dira dagoeneko birusa saihesteko neurriak hartzen. Besteak beste, San Martin egoitzan pertsona bakar baten bisita jaso ahal izango dute egoiliarrek, egunean ordubetez. Añares Rioja ISBk igandean Azkoitiko kiroldegian jokatuko duen partida ateak itxita izango da, eta Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak asteburuan Portugaleteren kontra jokatu behar zuen partida atzeratu egin dute. Gainera, Sammic enpresan hainbat neurri hartu dituzte.

Koronabirusa bezala ezagutzen den pandemiak mundua hankaz gora jarri du, 2019ko abenduan Txinako Wuhan hirian lehendabizikoz antzeman zutenetik. SARS-CoV-2 birusak edo Wuhango koronabirusak Txinako mugak zeharkatu ditu, eta hilabete gutxiren epean mundu osora hedatu da. Birus horrek COVID-19 gaixotasuna eragiten du gizakiengan, eta gaur egun, 114.000 kasu inguru antzeman dituzte munduan. 3.600 hildakotik gora eragin ditu, horietatik gehienak Txinan bertan, baina gogor astindu ditu Iran edota Italia.

Hego Euskal Herrira ere iritsi da gaixotasuna. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo eguerdian emandako datuen arabera, 197 pertsona kutsatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik sei hil dira. Nafarroan, berriz, COVID-19ren hamahiru kasu antzeman dituzte, Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako datuen arabera. Araba da kutsatu gehien diren lurraldea, eta Gasteizen nahiz Bastidan ikastetxeak nahiz unibertsitateak itxi dituzte. Gaur-gaurkoz, martxoaren 23ra arte izango da neurri hori indarrean. Oraingoz, Ipar Euskal Herrian ez dute kasurik atzeman. Uztarria.eus-ek baieztatu ahal izan duenez, gainera, Azpeitian ez zuten atzora arte koronabirus kasurik atzeman.

Gaixotasunak adinekoengan eta aurretik patologia jakin batzuk dituzten pertsonengan eragiten du gehien. Hori dela eta, adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan neurriak hartu dituzte dagoeneko. Azpeitiko San Martin egoitzan, esaterako, pertsona bakar baten bisitak jasoko dituzte egoiliarrek egunean ordubetez. Gainera, bestelako jakinarazpenik eman bitartean, beti pertsona berak joan ahal izango du egoiliarra bisitatzera. Egoitzara sartzerakoan tenperatura hartzen zaie bisitariei, eta horiek eskuak garbitu behar izaten dituzte gunera sartzerakoan nahiz irteterakoan.

Bestalde, pertsona kopuru handiak biltzen dituzten ekintzen gaineko erabakiak ere hartu ditu Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, futboleko nahiz saskibaloiko hainbat jardunaldi ateak itxita jokatuko dituzte kirol taldeek. Neurri horrek eragina du kirol lehietan aritzen diren Azpeitiko taldeetan, hala nola ISBko nesken lehen taldearen nahiz Lagun Onak futbol taldeko gizonen lehen taldearen jardunean. Iraurgi Saskibaloi Taldeak jakinarazi duenez, Añares Rioja ISBk ateak itxita jokatuko du igandeko ligako partida. Azkoitiko kiroldegian izango da Emakumeen Bigarren Ligako neurketa, eta Espainiako Saskibaloi Federazioaren aginduz ez da zalerik izango harmailetan. Dena den, streaming bidez emango dutela jakinarazi du ISBk. Lagun Onakek Garmendipen jokatu behar zuen partida ere atzeratu egin dute; aurrerago jokatuko dute Portugaleteren kontrako neurketa.

Eliza ere hasi da neurri zehatz batzuk hartzen. Kepa Susperregi Azpeitiko erretoreak Uztarriari adierazi dionez, Gipuzkoako Bikariotzak ohar bat helarazi zien elizbarrutiko parrokiei larunbatean, zenbait neurri hartzeko eskatuz. Hain zuzen ere, elizaren sarrerako ur bedeinkatua kentzea, eskuak garbitzea, bakea ematerakoan eskurik ez erabiltzeko eta jaunartzean ostia eskura ematea eskatu diete eliztarrei.

Azpeitiko enpresa batzuetan ere hasi dira koronabirusa saihesteko neurriak hartzen. Sammic lantegian, adibidez, beharginen arteko kontaktua ahalik eta txikiena izan dadin aldaketak egin dituzte. Sammic-eko ordezkari batek Uztarriari adierazi dionez, besteak beste, langile gehienak erreleboan hasi dira lanean, bi erreleboen aldaketan langileek kontakturik ez izateko neurriak hartu dituzte, sail bakoitzak bere komunak erabiliko ditu... "Helburua da langileek elkarrekin ahalik eta kontaktu gutxiena izatea", azaldu du Sammic-eko ordezkariak. Gainera, beste hainbat enpresatako beharginak etxetik hasi dira lan egiten; hau da, telelana egiten ari dira.

Nerea Iriarte: "Maskarillen eta gel antiseptikoen itxaron zerrenda dugu botikan"

Nerea Iriarte azpeitiarrak Azkoitiko botika batean egiten du lan. Urola Kostako Hitzak harekin hitz egin du; izan ere, botika horretan maskarilla eta gel antiseptikoen eskaerekin itxaron zerrendak sortu zaizkie.

Maskarillentzako itxaron zerrenda dute ia botika guztietan, baita zuk lan egiten duzunean ere. Noiz hasi zen jendea maskarillak eskatzen?

Otsailaren hasieran. Batez ere, asko bidaiatzen zuen jendea hasi zitzaigun eskatzen, aireportuetan-eta ikusi zutelako jende askok erabiltzen zituela. Gaixotasunen bat dutenei edo defentsak baxu dauzkatenei ere gomendatu zieten maskarilla erabiltzea, eta haiek ere eskatu zizkiguten. Baina orain ja mundu guztia etortzen da maskarillak eskatzera. Berehala biltegietan maskarillarik gabe gelditu ziren, eta zerrenda bat egin genuen maskarillak eskatzen zizkigutenekin; geu ere biltegien itxaron zerrendan gaude, eta bakar batzuk iritsi zaizkigu, baina oso-oso gutxi. Maskarillenaz gain, gel antiseptikoen itxaron zerrenda ere badugu.

Zertarako balio du maskarillak?

Filtro berezi bat daukaten maskarillak dira eraginkorrenak, baina horiek infektatuta daudenei edo osasun arloan lan egiten dutenei gomendatzen dizkiete. Birusa eztul edo doministiku bidez edo hitz egiterakoan soltatzen diren tantatxoetan egon ohi da, eta beraz, bi pertsonak gertu egon behar dute elkar kutsatzeko. Tanta horiek beste pertsonarengana iristen ez badira, parean dauden materialetara erortzen dira: mahaira, oihaletara… Horiek eskuekin ukitzeko arrisku handia dago, eta kutsatu egin gaitezke. Horregatik, neurri eraginkorrena eskuak garbi mantentzea da. Paperezko musuzapiak erabiltzea eta doministiku egiterakoan ukondoa jartzea ere gomendatzen dute.

Alarma egoera nabaritzen al duzu?

Bai, baina hori baino gehiago, nahasmen handia dago. Oso handi gelditzen diren gauzak ari gara entzuten: heriotzak daude tartean, eskolak eta unibertsitateak ixten ari dira… Jendeak ez daki nola jokatu horren aurrean. Nahasmen eta beldur handia dago etor daitekeenaz.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide