Babestutako etxebizitzen bigarren faseko zozketarako onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratu ditu udalak

Uztarria.eus 2020ko mar. 5a, 13:08

Alegazioak aurkezteko epea martxoaren 20ra arte egongo da zabalik, eta zozketa apirilaren hasieran egitea aurreikusten du udalak. Esklabak-Iturtzulo eremuan babes ofizialeko 39 etxebizitza eta udal sustapeneko 28 etxebizitza zozkatuko dituzte lehen fasean. Babestutako etxebizitzen zozketarako 199 lagun onartu dituzte, eta udal sustapenekoetarako 54 herritar.

Esklabak-Iturtzulo eremuko babestutako etxebizitzen bigarren faseko zozketarako onartutako eta baztertutako herritarren behin-behineko zerrendak argitaratu ditu Azpeitiko Udalak. Alegazioak aurkezteko epea ere zabaldu dute, eta herritarrek horretarako aukera izango dute martxoaren 20a, ostirala, bitartean; udaletxean egin beharko dituzte alegazioak.

Babestutako etxebizitzen bigarren faseko izapideak egiten ari da udala dagoeneko; izan ere, babes ofizialeko 39 etxebizitza zozkatuko dituzte, eta udal sustapeneko 28. Babestutako etxebizitzen zozketarako 199 lagun onartu dituzte, eta udal sustapenekoetarako 54 herritar. "Bigarren fase honetan ere asko dira babestutako etxebizitza eskuratzeko izena eman duten herritarrak; oraingoan ere, nagusiki, gazteak. Horrek erakusten du, batetik, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten gazte ugari dagoela; eta bestetik, babestutako etxebizitza eskaintza egitea behar-beharrezkoa dela azpeitiarrek beren bizi proiektua herrian garatu dezaten", azaldu du udalak.

Eguna zehaztu gabe badute ere, erakundeak azaldu du apirilaren hasieran egingo dutela 67 etxebizitzen zozketa. Udal Gobernuak jakinarazi duenez, "lehentasunezko" gaia da herritarren etxebizitza premiari erantzutea: "Horregatik, esfortzu eta ahalegin guztiak egiten ari gara martxan diren proiektuak aurreikusitako epeetan egoki gauza daitezen".

Zerrendak

Esklabak-Iturtzulo (Babes Ofizialeko Etxebizitzak)

  • Kupo orokorreko behin-behineko zerrendak:

           – Onartuak

           – Ez onartuak

  • Mugikortasun mugatua dutenen behin-behineko zerrendak:

           – Onartuak         

Esklabak-Iturtzulo (Udal sustapeneko etxeak)

  • Kupo orokorreko behin-behineko zerrendak:

           – Onartuak

           – Ez onartuak