Maite Etxezarreta euskal selekzioarekin ariko da aurten ere

Uztarria.eus 2020ko mar. 4a, 11:06
Mendiko euskal selekzioa; beheko ilaran eskuinetik hirugarrena da Etxezarreta.

Espainiako Kopan eta Txapelketan ariko da azpeitiarra selekzioarekin. Kopako sei probatatik lautan ariko da, baita Espainiako banakako lehia eta selekziokako txapelketa jokoan izango diren Camille Xtreme lasterketan ere. Denboraldia prestatzeko lanetan murgilduta da azpeitiarra dagoeneko, eta "ilusioarekin eta gogoarekin" dagoela azaldu du.

Maite Etxezarreta korrikalari azpeitiarra euskal selekzioarekin ariko da aurtengo Espainiako mendi lasterketen denboraldian ere. Espainiako Kopan eta Txapelketan ariko da azpeitiarra selekzioarekin; hau da, Espainiako lasterketetan. Espainiako Koparen barruan, Najera Xtrem, CXM Miranda, Kanariar Uharteetako Aguas de Teror eta Leyre Trail probetan parte hartuko du Etxezarretak. Kopako sei probatatik lautan ariko da, puntuatzeko gutxienez lau lasterketatan parte hartu behar delako. Bestalde, Camille Xtreme proban ere ariko da azpeitiarra; izan ere, proba horretan Espainiako banakako lehia eta selekziokako txapelketa izango dira jokoan. Etxezarretak Uztarria.eus-i azaldu dionez, proba horretan taldezka puntuatzea du helburu, bakarka ez duelako aukerarik izango.

Denboraldia prestatzeko lanetan murgilduta da azpeitiarra dagoeneko. Dena den, oraindik ez dela sasoian ikusten adierazi du: "Joan zen denboraldiko lesiotik abenduan errekuperatu nintzen, eta orain arte, batez ere, asfaltoan ibili naiz entrenatzen gehien bat". Hala eta guztiz, selekzioarekin aritzea beti dela "polita" adierazi du. "Motibazio gehigarri bat da gisa horretako talde batean aritzea, eta ilusioarekin eta gogoarekin nago aurten ere. Ea lesionatu gabe denboraldi osoa osatzeko gai naizen". Horri lotuta, Espainiako Kopa hasi eta bukatzea du xede Etxezarretak: "Pentsatutako lasterketa guztietan atera ahal izatea dut xede, eta hori lortzen badut, ondo pasatuta ahalik eta sasoi puntu onena lortzea".