Haizeteak zenbait eragozpen eragin ditu arratsaldean

Uztarria.eus 2020ko mar. 3a, 19:05

Haize bolada bortitzak nagusi izan dira Azpeitian eguerditik aurrera eta zenbait eragozpen eta kalte eragin ditu haizeteak han eta hemen. Horrela, Iraurgi Ikastetxearen Jose Artetxeko eraikinean teilatu ertz bat soltatu eta zintzilik utzi dute haize boladek. 15:00 aldera konturatu dira udaltzainak; ingurua zigilatu ondoren, suhiltzaileei deitu diete, eta haiek egonkortu dute bere tokitik aterata zegoen lau bat metroko teilatu puska (argazkia). Ordubete inguru lehenago, berriz, zuhaitz baten adarra bota du lurrera haizeak Sanjuandegin, Erreka tabernaren ondoan. Han ere ingurua zigilatu dute udaltzainek, eta mantentze-langileek garbitu dute gunea gero.