Karnabalak 2020

Karnabalzale amorratua

Juan Manuel Korta. (Nerea Uranga)

Azpeitiko "festarik ederrenak" karnabalak dira Juan Manuel Kortarentzako. Urte asko dira mozorrotuta irten eta txarangarekin ibiltzeari utzi ziola, baina asko gozatu eta disfrutatu izanaren oroitzapen "ederrak" ditu azpeitiarrak.

"Azpeitiko festarik ederrenak izan dira karnabalak niretzako, batere zalantzarik gabe", dio Juan Manuel Kortak (Azpeitia, 1951). 70eko eta 80ko hamarkadetan, hamabost-hogei urte inguruan hutsik egin gabe, astelehenean mozorrotuta kalera atera eta astearte iluntzera arte festan ibiltzen zen Korta. Aurten, aurrenekoz, Azpeititik kanpo izango da: "Ederki akordatuko naiz karnabalekin, ordea".

Azpeitiko karnabaletako egun guztiak "onak" direla dio Kortak. "Baina gustukoena astelehenetik asteartera artekoa nuen nik; goizeko txaranga horiek...". Txaranga non Korta han izaten zen, beti taldearen aurretik. "Bar Victor zenean [egungo Olazko Andre Mariaren plazan zegoen] lan egiten nuenean jantzi nintzen aurrenekoz karnabaletan. Txiki deitzen zioten oñatiar altu-altu batek egiten zuen han lana, eta hark komentatu zidan karnabaletan zerbait jantzi behar genuela. Hala, Txiki zena deabruz eta ni aingeruz jantzita irten ginen. Garai hartan, bakan batzuk bakarrik janzten ginen karnabaletan, baina handik aurrera jende asko hasi zen mozorrotzen", gogoratzen du Kortak.

Kojua tabernako garaiak

Bar Victor zegoen etxea eraitsi behar zutela eta, Kojua taberna [Goiko kalean] izan zeneko lokala hartu zuen Kortaren arrebetako batek, Roxiok. 1975. urtean ireki zuten Kojua, eta 1989.ean itxi. "1975eko azaroaren 20an inauguratu zuten Kojua taberna, "Franco hil zen egunean". "Garai hartan, inaugurazioetara Azpeitiko kuarteleko guardia zibilak joan ohi ziren; Franco hil zela-eta han ibili ziren joan ala ez. Azkenean, joan ziren Kojuaren inauguraziora, eta hurrengo egunean taberna irekitzeko libre eman ziguten. Inauguraziotik ederki joan ziren bi guardia zibil haiek, bien artean ardo botila hustuta", azaldu du Kortak.

13 urterekin hasi zen zerbitzari lanean Korta, Eguzkitzanean. Gero, Bar Victorren jardun zuen, eta hura eraitsitakoan Kojuanean. Astelehen Karnabal iluntzean mozorrotzen zen Korta Kojuaneko biltegian. "Afariak eman, kafeak atera eta tabernako biltegian janzten nintzen, Marianjeles arrebak lagunduta. Mozorrotu, tabernako jangelatik igaro, eta mostradore atzean ez nituen bost minutu egiten. Kalean txaranga entzun, eta alde egiten nuen festara. Astelehen iluntzean irten eta astearte gauerdiko zezenaren hileta bukatu arte ez nintzen etxeratzen. Asteleheneko mozorroarekin ibiltzen nintzen astearte gauerdira arte, baina arropak garbi-garbi nituela etxeratzen nintzen".

Amak josten zizkion jantziak Kortari, Maria Odriozola zenak. "Niri berdin zitzaidan zer jantzi, egiten zidaten hura janzten nuen. Marianjeles arrebak diseinatzen eta marrazten zituen, eta amak josten", kontatu du Kortak. Helduen mozorro desfilean irteten zuen mozorrotuta, eta askotan jaso zuen saria hark. "Lehen, bigarren eta hirugarren sari dezente eman zizkidaten. Udaletxean saria jaso eta amaren etxera joaten nintzen zuzenean, Pablo VI.a auzora. Sariaren dirua amari ematen nion, eta kalera berriro".

Karnabaletako "oroitzapen oso onak" ditu Kortak: "Ederki gozatu eta disfrutatutako oroitzapenak ditut, ez ahanzteko modukoak. Egun eder asko pasatu nituen karnabaletan". Garai hartan, pezetarekin eguna errazago pasatzen zela dio. "Gaurko 50 eurorekin ez dago eguna pasatzerik! Tabernak goizeko laurak-bostak arte egoten ziren zabalik, eta ixten zituztenean elkarteren batera joaten ginen, baratxuri zopa jatera. Jan gabe ez ginen ibiltzen, ez horixe! Bazkaltzera eta afaltzera Kojuanera joaten ginen. Eta, astelehen gauean, Uztarrinera bapo jatera!". Gogoan du behin Javier Egaña zenak atera zioten pastel piloa: "Kojua aurrean ginen txarangarekin, eta Javier Egañak pastelak eta Malaga Virgen botila atera zizkigun. Pastel asko zen, haiek jan genituen eta Iñaki Pipas eta bion artean botila hustu genuen. 'Javier botilari ez ezaiok begiratu, hutsa zagok eta', esan genion jasotzera etorri zenean". Gogoan ditu orduko txarangako eta festako lagunak: Joxin Beloki, Iñaki Altuna Pipas, Iñaki Alberdi, Iñaki Bergara Pio...

Mozorrotu zen azkenetako karnabalak 1989koak izan ziren. "Astearte karnabalez Patxonera joan, afaldu eta lo hartzen nuen. Pentsatu nuen: 'Juan Manuel, hirea joan dek!’'. Gaur egun, "sasoi hartako hankak" edukiko balitu karnabaletan jantziko litzatekeela dio Kortak.

Zezenarengandik ihesi

Karnabalak gogoko ditu Kortak, baina ez da sokamuturrean ibili zalea. "Nik zezena urruti beti", dio. Baina sokamutil irtendakoa da Korta: "Behin bakarrik irten dut sokamutil, Juan Mari Txokolorekin eta. Plazara justu-justu iritsi nintzen". Astearte goizean, dianaren ondoren zezena ateratzen zutenean, non sartu txokoa topatzen zuela esaten du: "Zezena plazan bazebilen, ni Artzubira joaten nintzen".

Baina Astearte Karnabaleko goizeko diana da Kortarentzat momenturik ederrena: "Goizeko diana da momenturik ederrena. Garai hartan, gaur egun San Martin egoitza dagoen tokian, Miserikordia zegoen eta mojak zeuden bertan. Astearte eguerdian, bazkaltzera joan aurretik, Miserikordiara sartzen ginen txarangarekin, orduan elbarriak eta denak tente jartzen ziren".

Hainbat urtetako karnabaletan Kortak mozorroturik ateratako argazkiak ikus daitezke honako lotura honetan.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide