Herritar ugari elkartu da Matxinbentan, festetako hirugarren egunean

Santa Ageda festak ari dira ospatzen egunotan Matxinbentan, eta gaur, igandea, ez da ez ekitaldirik ez jenderik falta izan auzoan. Goizean hasita, Beasaingo txistulariek emanaldia eskaini dute, eta mezaren ostean, itxulapiko puskaketaz gozatu ahal izan dute txikienek. Gainera, urtero legez, Azpeitiko Ilunpe eta Beasaingo Murumendi pilota elkarteetako gaztetxoen partidez gozatu ahal izan dute herritarrek. Ondoren, Itzeder eta Txibilter trikitilarien emanaldia izan da, eta segidan hasi da ikusmina piztu duen herri kirol jaialdia. Izan ere, punta-puntako kirolariak aritu dira aizkoran eta harri-jasotzen: Iker Vicente eta Mikel Larrañaga aizkolariak zein Jokin Eizmendi eta Jon Unanue Goenatxo III.a harrijasotzaileak.

Dena den, gaurkoarekin ez dira amaituko festak: asteartean, Santa Ageda bezperan, eta asteazkenean, Santa Ageda egunean, ere festa giroa izango da nagusi. Asteartean santa eskean ariko dira auzotarrak, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Jon Gurrutxaga Gurru bertsolariekin nahiz Laja eta Izer trikitilariekin. Eskea bukatzean erromeria egingo dute auzoan. Santa Ageda egunez, berriz, meza eta jubilatuentzat hamaiketakoa izango dira.

Hona hemen, gaur goiz eta eguerdi parteak Matxinbentan utzi duena irudietan:

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide