Otsailaren 8an egingo dute XI. Gau Txori argazki rallya

Uztarria.eus 2020ko urt. 27a, 12:33

Argazki elkarteak jakinarazi duenez, izen-ematea hamar euro ordaindu beharko da, eta ordainketa nahiz izen-ematea rallyaren egunean bertan egin beharko dute parte-hartzaileek. Bilduma onenaren egileak 150 euro eta garaikurra jasoko ditu.

Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) jakinarazi ditu hamaikagarren urtez egingo duen Gau Txori argazki rallyaren data eta oinarriak. Aurten, otsailaren 8an, larunbatez, egingo dute gaueko Gau Txori argazki rallya. Bertan parte hartu nahi dutenek izen-ematea rally-aren egunean bertan egin beharko dute. Argazki elkarteak jakinarazi duenez, izen-ematea hamar euro ordaindu beharko da, eta ordainketa rallyaren egunean bertan egin beharko dute, AAEren egoitzan (Soreasuko Dinamoan), 19:00etatik 20:00etara bitartean. Rallyaren egunean parte-hartzaileek afaria egingo dute, eta horretarako ere ezinbestekoa da izena ematea. Rallyko eta afarirako izen-ematea, guztira, 20 euro ordaindu beharko da.

Memoria-txarteldun kamera digitala duen edonork parte har dezake lehiaketan. Argazkilari bakoitzak bere txartela hutsik eraman beharko du rallyra, eta argazkiak Azpeitian atera beharko dituzte, zuri-beltzean edo koloretan. JPG formatuan eta ahalik kalitate hoberenean atera beharko dituzte argazkiak. Hartutako irudiak 00:00etatik 01:00etara bitartean deskargatuko dituzte elkarteko egoitzan. Parte hartzaileek, gehienez, 36 argazki aurkeztu ahal izango dituzte, kontroleko argazkia barne, eta antolatzaileek adierazi dute ezin izango dituztela argazkiak manipulatu.

Otsailaren 13ra bitartean, argazkilariek gai bakoitzerako argazki bat aukeratu eta argazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko dute. Epaimahaiak argazkien "sormena eta teknika" hartuko ditu kontuan.

Sariei dagokienez, bilduma onenaren egileak 150 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatuak, berriz, 100 euro eta garaikurra eskuratuko ditu; eta hirugarrenak 70 euro eta garaikurra irabaziko ditu. Herriko lehen ez sarituarentzat, berriz, garaikurra emango diote. AAEk adierazi du saritutako argazkiak elkartearen esku geratuko direla. Horrez gain, ohartarazi dute ez dutela beraien gain hartzen "ekintza garatzen den bitartean, pertsonengan, argazki ekipoetan edota edozein ondasunetan sor daitezkeen kalteen eta hondamenen erantzukizunik".

Rallyaren inguruko xehetasun guztiak honako lotura honetan irakur daitezke.