Landaola sarietarako hautagai izendatu dute Aratzerrekako ura garbitzeko sistema naturalaren proiektua

Aratzerrekan ezarri duten fitoarazketa sistemaren irudia.

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak hirugarren Landaola sariak banatuko ditu otsailaren 7an, Aretxabaletako Otaola jauregian. Erakunde publikoek Gipuzkoan sustatutako proiektuen saria jasotzeko sei hautagai izendatu ditu Landaolak; tartean, Azpeitiko Udalak Aratzerrekan ezarri duen fitoarazketa sistemaren egitasmoa.

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak hirugarren Landaola sariak banatuko ditu datorren otsailaren 7an, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Otalora jauregian (12:00), eta erakunde publikoek sustatutako proiektuen saria jasotzeko hautagaien artean da Azpeitiko Udalak Aratzerrekan jarri duen ura garbitzeko sistema naturala. Hain zuzen ere, araztegi faltari aterabidea emateko, hezegune artifizialetan oinarritutako ur arazketa sistema naturala jarri dute martxan.

Aratzerrekako fitoarazketa sistemaren egitasmoarekin batera, beste bost proiektu ere saria jasotzeko hautagai izendatu ditu epaimahaiak: San Markos Mankomunitatearen Agroaldea egitasmoa, Leintz Gatzagako gatz ekoizpenerako proiektua, Itziarko Elurzulo eta auzolana egitasmoa, Berastegiko Udala larre komunalen proiektua eta Idiazabalgo Udalak lehen sektorean gauzatu duen lana. Hautagai horietako batek jasoko du erakunde publikoek landa garapenean egindako lana aitortzen duen saria.

Bestalde, erakunde pribatuek sortutako beste sei proiektu ere izendatu dituzte saria jasotzeko hautagai. Gainera, urteko ibilbidea saria eta landa eremuko emakumeen saria ere banatuko dituzte. Proiektu eta pertsona sarituen izenak otsailaren 7ko ekitaldian jakinaraziko ditu Landaolak.

Ez da Azpeitiko Udalak martxan jarritako proiektu bat hautagai izendatzen duten lehen aldia; izan ere, 2018an, Landaola sarien lehen edizioan, Azoka Plazaren proiektua ere izan zen hautagaien artean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide