Eneko Agirrezabal nagusitu da 'Egunean Behin' jokoaren finalean

Egunean Behin jokoaren finala jokatu dute gaur Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Codesyntax enpresak garatutako aplikazioak sekulako arrakasta izan du euskal herritarren artean, eta askok aspaldian itxarondako eguna izan da gaurkoa: joko horretan sailkapenaren buruan aritzen diren izen horiei aurpegiak jartzeko eguna, hain zuzen ere. Ikusmina piztu du finalak, leporaino bete baita aretoa. Jokalariez gain, herritar ugari joan da ekitaldia bertatik bertara ikustera.

Kike Amonarrizek aurkeztu du saioa, eta hark azaldu duenez, guztira 102 lagunek parte hartu dute gaurko finalean. Haietako batzuk asteren batean jokoaren lehen postuan sailkatuak izan dira; beste batzuk, berriz, parte hartzeko gogoa zutelako finalean izena emandakoak.

Lau txandatan banatu dute finala: lehen eta bigarren galdetegietan ehun puntu banatu dituzte, bigarren galdetegian 200 puntu, eta hirugarrenean, 300 puntu. Partaide guztiek lau txanda horietako galderak erantzun behar izan dituzte; ohi bezala, hamar galdera erantzun dituzte txanda horietako bakoitzean, ahalik eta azkarren. Erantzun zuzen gehien eta ahalik eta azkarren erantzuten zituenak eskuratu ditu puntu gehien.

Lehen txandan, Tti jokalaria izan da puntu gehien kolkoratu dituena. Gainontzeko txanda guztietan, berriz, Eneko nagusitu da. Ikusle askok mirariak egiten zituzten jokalariak espero zituzten gaurko saioan; hau da, 30 segundoan hamar erantzun zuzen asmatzen dituzten horietakoak. Baina ez da halakorik gertatu: batez beste, bost eta sei galdera erantzun dituzte zuzen txanda horietan.

Lau txandak amaitzean, sailkapenaren lehen hamar postuetan ziren jokalariak igaro dira final handira: Eneko, Nere, Eneiru, Andrezj, LeireIñaki Goiko, Mantarrei, Txantxi dotore, Jortxi eta Josebabarandi. Guztiak oholtzara igo dira, eta azken partida jokatu dute han agertokiaren gainean aulki banatan eserita zirela. Batez beste, 6,7 galdera erantzun dituzte ondo, eta horiek baino erantzun zuzen gehiago asmatuta, bederatzi galdera zuzen erantzunda, Eneko Agirrezabal segurarra (Gipuzkoa) nagusitu da. Hura da Eneko izeneko jokalaria, eta finalera iritsi aurreko galdetegietan ere finen aritu dena. Korrikan ere ez da meritu makalak lortutakoa segurarra, eta adimen kontuetan ere ondo moldatzen dela demostratu du gaurkoan. Iñaki Goiko sailkatu da bigarren, eta Jortxi hirugarren.

Aurreneko hiru sailkatuek otarra bana jaso dute, eta beste hiru saski ere zozkatu dituzte. Honako hauei egokitu zaizkie: Helena, BGonauta eta Urtzi. Sailkapeneko lehen herritarra, berriz, Xabier Arozena urrestildarra izan da, eta hark 2020ko Kultur Bonoa eskuratu du.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide