San Eloi jaiak hasteko prest dira Landetan

Uztarria.eus 2019ko aza. 27a, 17:26
Iazko saneloietako bazkariko irudi bat.

Mus Txapelketarekin hasiko dituzte bihar festak, 21:30ean. Ostiralean, ohiko moduan, txerri boda egingo dute. Zapaturako eta iganderako hainbat ekintza prestatu dute auzotarrek, hala nola BTT irteera, azoka, judo erakustaldia, autoen eta motorren erakusketa, triki poteoa, herri kirol erakustaldia eta auzo bazkaria.

Bihar, ostegunarekin, hasiko dira Landetan aurtengo San Eloi jaiak ospatzen. Urtero moduan, Mus Txapelketa egingo dute Mendizabal jatetxean 21:30ean hasita. Dena den, txapelketaren XI. ediziorako izen-ematea 20:30ean zabalduko dute. Hainbat sari banatuko dituzte lehia bukatzean: bikote irabazleak 300 euro eta txapelak eskuratuko ditu; bigarren sailkatzen denak 200 euro eta kilo bat babarrun; hirugarrenak arkume bat eta kilo bat babarrun; eta laugarren bikoteak bi lagunentzako afaria eskuratuko du.

Ostiralean, aurrena, pintxo potea egingo dute Bordatxo, Mendizabal eta Landeta tabernetan, eta gero, usadioari jarraituz, txerri boda izango da Landeta sagardotegian (21:00). Jatetxe horretan bertan eman beharko da aurrez ekitaldirako izena.

Ekitaldi gehientsuenak asteburuan egingo dituzte. Hain zuzen ere, zapatuan egun bete ekitaldi izango da Landetan, eta igandean ere festarako aukerarik ez da faltako. Larunbat goizean BTT irteera egingo dute 09:00etan, Erreka Bike saltokitik abiatuta. Gainera, goiz eta eguerdi partean azoka eta ganadu feria izango dira. Etxearreta baserriko produktuak eta Premietxeberriko gazta erosteko aukera izango da bertan. Gainera, zaldiak, idiak, ardiak eta oiloak jarriko dituzte ikusgai. 11:30ean, Kodaore taldearen judo erakustaldia izango da auzokolo lokalean. Arratsaldean segituko du festak; izan ere, auto eta motorren erakusketa muntatuko dute azken urteetako legez, eta triki-poteoa ere izango da.

Igandean izango da San Eloi eguna, eta herritarrek zezen txikiez nahiz poniez gozatu ahal izango dute eguna hastearekin. Eguerdian herri kirol erakustaldia eskainiko dute Eneko Otañok, Julen Alberdi Txikia IV.ak, Jon Unanue Goenatxo III.ak, Martin Mendizabalek, Joseba Ostolazak eta Udane Ostolazak. Karretillaren zozketa ere eguerdian egingo dute, eta auzo bazkaria ere igandean izango da, Landeta jatetxean. Bertsolariak eta trikitilariak ariko dira giroa alaitzen, eta arratsaldean triki poteoa egingo dute.

Hona hemen, jaietako egitaraua:

Bihar, osteguna

21:30. XI. Mus Txapelketa azkarra, Mendizabal erretegian.


Etzi, ostirala

19:00-21:00. Pintxo potea Bordatxo, Mendizabal eta Landeta tabernetan.

21:00. Txerri boda Landeta sagardotegian.


Azaroak 30, zapatua

09:00. BTT irteera, Erreka Bike saltokiaren aurretik.

09:00-14:00. Azoka eta ganadu feria.

11:30. Judo erakustaldia, Kodaore taldearen eskutik.

Arratsaldean, autoen eta motorren erakusketa.

Ondoren, triki poteoa.


Abenduak 1, igandea, San Eloi eguna

12:00. Zezen txikiak eta poniak.

13:00. Herri kirol erakustaldia.

Ondoren, zozketa.

14:30. Auzo bazkaria Landeta jatetxean.

Arratsaldean, triki poteoa.