Egan musika taldearen garaietara egin dute jauzi musikari gaztetxoek

Egan musika taldearen emanaldi bilakatu zen atzo iluntzean Soreasu antzokia; izan ere, Juan Antxieta musika eskolako ikasleek eta irakasleek 70ko hamarkadan hasita plazarik plaza ibili zen Azpeitiko musika taldearen hainbat abesti eskaini zituzten. Santa Zezilia egunaren bueltan egin zuten atzoko emankizuna, eta antzokia jendez leporaino bete zen. Hainbat ikus-entzulek, gainera, duela hamarkada batzuk Eganen aitzakian bizi izandakoak gogora ekartzeko abagunea izan zuen Gizon apala, Loiolan jai, jai!, Maitasun hitzak, Egan eta beste hainbat kantarekin.

Gurutze Eizmendi eta Ekain Ibarguren aktoreen Eganekin dantzaldiz dantzaldi ibiltzen ziren neska-mutilen papera hartuta gidatu zuten kontzertua, eta askotariko musika tresnen nahiz hainbat abeslariren doinuak entzun ahal izan ziren ordubete inguruko saioan. Gainera, San Martin egoitzako egoiliar hainbatek eta Goienetxeko Fundazioko erabiltzaileek musikarako dituzten dohainak erakutsi zituzten, perkusio instrumentuekin. Jaialdiaren bukaera aitortzen unea izan zen: izan ere, musika eskolako ikasketak bukatu dituzten hainbat ikaslek diplomak jaso zituzten. Aldi berean, Maria Angeles del Val irakasleari lore sorta oparitu zioten lankideek, aurki jubilatuko delako.

Jaialdia hasterako, berriz, Kepa Junkeraren omenez kalejira egin zuten trikitixa eta pandero ikasleek, Alde Zaharrean barrena.

Hona hemen, atzoko jaialdiko hainbat irudi:

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide