Sanagustin kulturguneak zortzi urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2019ko uzt. 22a, 18:15

Azpiegitura kudeaketa soil batetik abiatu eta kultura modu integral batean lantzera iritsi da Sanagustin kulturgunea kudeatzen duen kooperatiba.

Sanagustin kulturgunea 360º

Azkar pasatzen da denbora. Atzo bertan izan zela zirudien Sanagustin kulturguneko ateak ireki zituen ekitaldi hark. Memoria abaniko baten gisakoa da, ordea, eta lehen begiratuan atzokoa zirudiena zabaldu egiten da norbere gogoan sakondu ahala; ohartzerako 1.340 kultur ekitaldi antolatzera iritsi gara, 270.000 ikus-entzule baino gehiago izan dituzte ekitaldiok, edota 40 kultur proiektu sustatzeko modua izan dugu. Urtez urte zenbakiak hobetezen ari gara, subjetiboa izan badaiteke ere, eskaintzen diren ekitaldien kalitatea ere asko hobetuz doala esan daiteke.

Hasieratik, proiektuak lan lerro nagusi bat izan du: kultura oinarri, kudeaketa eredu propio bat garatu dugu, kultur esparruan gabiltzanon autonomia eta gizarte eragile desberdinen parte hartzearen arteko orekan oinarritua.

Urte hauetan kultur programazio aberats eta orekatu baten bidez euskal kultura bultzatzen, egituratzen eta indartzen saiatu gara. Kultura modu integral batean lantzera iritsi gara, ikusgarritasuna ez ezik, sormena eta transmisioa ere landuz. Autofinantzazio maila altu baten bidez (%91ko autofinantzazioa, hau da, administrazio desberdinetatik jasotako subentzio edo laguntzak gure aurrekontuaren %9 izatera ez dira iritsi), menpekotasunik gabe, kultur proposamena kultur zein gizarte eragileen eskuetan utzi dugu.

Hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu gure kultur jarduera finantzatzeko, urtez urte gehiago, kooperatibaren aurrekontua urtez urte handiagoa da eta: ostalaritza, soinu eta argiztapen zerbitzu mota desberdinak, ikus-entzunezko zerbitzu integrala, enpresentzat era guztietako zerbitzuak, aholkularitza aukera desberdinak... Hutsegiteetatik ikasiz, geroz eta zerbitzu hobeak eskaintzen saiatzen gara.

Kooperatiben benetako izaerari eutsiz (pertsonak ardatz hartu eta balio erantsi moduan erabiliz, konpromisoa, inplikazioa eta horizontaltasuna bultzatuz, gardentasunez...) proiektuari sostengarritasuna eman diogu. Etengabeko eta eraldaketa bizi-bizian Azpeitiari zerbitzua emanez, elkar hartu eta herri gisa jokatzen ikastea izan da xedea.

Atzera begiratzea bezain osasuntsu eta beharrezkoa da, ordea, etorkizunari so egitea. Udazkena, esaterako, erronkaz beteta dator. Batetik, Dinamoa sormen gunearen irekiera izango dugu. Sormena lantzeko azpiegitura horrek dimentsio berri bat emango dio proiektuari. Bestetik, lehendik hasitako hainbat proiekturi jarraipena eman (Kultur Bonoa, Oholtzaberri antzerki proiektu integrala, 60 eta 70eko trikitiaren inguruko dokumentala eta liburua, Arkupehotsak, Zuzenekoak ON!, Dantzan!...) eta beste hainbat martxan jarriko ditugu (Hitzaren Eskola, DAPA sarerako kultur programa...). Azkenik, mota gutietako kultur ekitaldiz beteta dugu agenda: musika kontzertuak, arte eszenikoak (antzerkia, dantza...), ume eta gaztetxoentzako emanaldiak, Txisteratik magia asteburua, hainbat hitzaldi eta jardunaldi, erakusketak...

Eskerrak eman nahi dizkiegu kooperatibako bazkide diren kultur talde, sortzaile edo norbanakoei, bazkide norbanako parte-hartzaileei, kooperatibako langileei –profesionaltasuna eta boluntario lana uztartzeagatik–, Azpeitiko Udalari eta bidelagun dugun herritar sare zabalari. Zuek gabe ezinekoa litzateke.

Bada lana, eta badago zer egina. Orain arte jorratutako bidetik, herritarrekin eta kultur eragileekin batera, euskal kultura modu integral batean lantzen jarraituko dugu aurrerantzean ere.

(Kulturgunearen zortzigarren urtemuga dela eta, 360 graduko argazkiak atera dizkiogu kulturguneari, Valen Garciaren laguntzarekin)