Elena Marguello: "Sekula ez nuen kartelik aurkeztu lehiaketa batera"

Urola Kostako Hitza 2019ko eka. 21a, 14:02
Elena Marguello. (Mailo Oiarzabal)

Lehen saiakera egin eta asmatu. Horixe gertatu zaio Elena Marguellori (Azpeitia, 1996) herriko Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketarekin. Berak sortutako irudia aukeratu du epaimahaiak udazkenean Azpeitian egingo den topaketen 37. edizioa iragartzeko, eta pozarren da sortzaile gaztea.

Zure lanak iragarriko ditu aurtengo Euskal Antzerki Topaketak. Espero al zenuen?

Inola ere ez. Aurkezten nintzen lehen aldia zen, eta ez bakarrik topaketen lehiaketara aurkezten nintzen lehen aldia; orain arte, sekula ez nuen kartelik aurkeztu lehiaketa batera. Aurreko urtean aurkezteko gogoarekin gelditu nintzen, baina azterketekin-eta oso lanpetuta nenbilen. Aurten, ama etorri zitzaidan lehiaketaren eskuorriarekin, zerbait egingo al nuen galdezka. Kartela prestatu eta aurkeztu nuen, baina lehiaketa irabaztea ez nuen inondik espero.

Lehiaketetara aurkeztu ez arren, kartelgintzan ba al zenuen esperientziarik?

Gustuko dut kartelak egitea, bai. Festetarako-eta egin izan ditut bat baino gehiago, baina ezer ofizialik ez, musu-truk eta lagunartean egiten diren kontuetarako, beti ere. Diseinua betitik gustatu izan zait, familiatik datorkidan zerbait da. Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasitakoa naiz. Ikasketetan bazegoen esparru bat diseinua eta kartelgintza lantzera bideratutakoa, eta hor ikasi nuen pixka bat ordenagailuarekin diseinuak egiten.

Irabazlea zinela esan zizutenean, nola hartu zenuen albistea?

Egundoko poza hartu nuen. Udaleko teknikariak deitu zidanean, pentsatu nuen festa batzordeko konturen batengatik izango zela, eta kartel lehiaketa irabazi nuelako deitzen zidala esan zidanean, ezin nuen sinistu. Lehen aldiz aurkeztu, eta... Neuretzat izugarrizko poza izan zen, eta etxekoentzat ere bai.

Lan bakarra aurkeztu al zenuen lehiaketara, ala gehiago?

Bakarra aurkeztu nuen. Egile bakoitzak gehienez hiru aurkezteko aukera izaten du. Markoaren elementuarekin jolastea neukan buruan. Kartel bat baino gehiago aurkeztekotan, argi neukan bata bestearengandik oso ezberdinak izan behar zutela, eta ez ideia edo diseinu beraren gaineko hiru aldaera; hori ez zait gustatzen. Beraz, buruan nebilkien ideia horri forma eman eta lan bakarraren aldeko apustua egin nuen.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.