Baratzean, harremanak ereiten

Gipuzkoako Hitza 2019ko eka. 14a, 17:12

Denbora modu osasungarrian pasatzeko lekuak baino askoz gehiago dira baratze parkeak. Etxerako barazkiak baino are ordain hobea jasotzen dutela diote erabiltzaileek. Aitziber Arzallus Gipuzkoako Hitza astekariko kazetariak honako erreportaje hau argitaratu du.

Modan daude baratze parkeak. Sei urte dira Kutxa Ekoguneak Baratze Parke Sarea egitasmoa martxan jarri zuela. Hernani, Lezo, Usurbil, Tolosa eta Alegia izan ziren egitasmo horretara batu ziren lehen udalerriak. Eta urtez urte handituz joan da kopurua. Gaur, Gipuzkoako 22 herritan daude baratze parkeak, eta 1.309 lursailek eta 58.383 metro koadrok osatzen dute sare hori. Baina baratze parkeak badaude Gipuzkoako herri gehiagotan ere, nahiz eta Ekoguneko sarean egon ez. Zestoako Iraeta auzoko baratze parkea da horren adibide bat.

Azpeitiko baratze parkeak ere bere kasa egin zituen lehen urratsak, Ekogunearen egitasmorik ez zegoelako artean. 2006an, zaharrei eta erretiratuei baratzeak egiteko lursailak eskaintzen hasi zen udala, denbora modu osasuntsuan pasatzeko jarduera gisa. Eta egitasmoak oso harrera ona izan zuen herritarren artean. Ekoguneak gerora ekin zion Baratze Parke Sarea sortzeko proiektuari, eta proiektu horretan bidelagun izan du Azpeitiko Udala. Bi erakundeak 2012an hasi ziren elkarlanean, eta elkarlan horren emaitza da gaur egun Azpeitiak duen baratze parkea: Gipuzkoako parkerik handienetakoa da, 122 lursail baititu.

"Erretiratuentzako aisialdiko baratzeak ziren hasiera batean; gerora, beste profil batzuetako herritarrei eman zieten aukera; eta, gaur egun, ia nahi duen guztiak du lursail bat erabiltzeko aukera", dio Joxe Arzallusek, Azpeitiko baratze parkea kudeatzeko eta antolatzeko batzordearen arduradunak. Bi gunetan banatzen da Azpeitiko baratze parkea: Otzakan, Ekogunea sareko eredura egokitu zuten lehendik zegoen aisialdi baratzea; eta Izarraizpen, baratze eremu berri bat sortu zuten. Izarraitzen magalean daude bi eremuak: Otzakakoa, herriaren ipar-mendebaldean; eta Izarraizpe, Loiolabide hiribide nagusiaren albo batean. Laurogei metro koadroko hogei lursail daude Otzakan; eta berrogei metro koadroko 46 lursail, hirurogei metro koadroko bi eta irisgarritasun arazoak dituztenentzako bi lursail egokitu Izarraizpen.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.