Sanjuandegiko festak 2019

Sanjuandegira iristear da Mantangorri

Uztarria.eus 2019ko mai. 29a, 11:00
2018ko Mantangorriren jaitsiera Sanjuandegin.

Ostiralean hasiko dira Sanjuandegiko jaiak Mantangorriren jaitsierarekin, baina ordura bitarterako ere hainbat ekitaldi antolatu du XJ Auzolanean batzordeak. Gaur, asteazkena, bertso afaria izango da Iker Zubeldia eta Julio Soto bertsolariekin. Bihar, berriz, kantujira eta pintxo-poteoa egingo dituzte.

Mantangorriren etorrerarako egun batzuk falta badira ere, Sanjuandegin festa giroan murgilduta daude jada. Joan den zapatuan Umeen Egunarekin hasi zituzten ospakizunak; 60 gaztetxo bildu ziren auzoan, eta giro ederrean gozatu zuten egunaz umeek, bai bazkariarekin, bai Julen magoaren ikuskizunarekin.

Gaur, asteazkena, ospakizunekin jarraituko dute Sanjuandegin, bertso afaria izango baita Baigeran, Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariekin. Afarirako txartelak Baigeran eta Jim Clark eta Orkatz tabernetan eskura daitezke, hogei euroren truke. Biharko ere hainbat ekintza antolatu du XJ Auzolanean festa batzordeak. Kantujira eta pintxo-poteoa egingo dute lehenik, eta 21:00etan, mus txapelketa izango da. Txapelketan parte hartu nahi duenak bihar bertan eman ahalko du izena Ongi Etorri erretegian, 21:00etatik 22:00etara bitartean. 30 euro ordaindu beharko du bikote bakoitzak, eta lau sari egongo dira jokoan: 600 euro, 400 euro, 250 euro eta 150 euro, hurrenez hurren. Ondoren, iluntze musikatua izango da Gaizkile&Piro eta Intzaren eskutik Jim Clark eta Garoa tabernen pareko aparkalekuan.

Etenik gabeko festa

Ostiralean, Mantangorriren ongietorriarekin lehertuko da festa Sanjuandegin, eta igandea bitartean hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Ongietorriaren ostean, gazte afaria egingo dute, eta ondoren, kontzertuak eta areto dantzak izango dira. Larunbatean, berriz, auzo bazkaria egingo dute. Bi otorduetarako txartelak salgai daude jada Baigera, Jim Clark eta Orkatz tabernetan. Afarirako txartelek hamabi euro balio dute, eta bazkarirakoek, aldiz, hamar euro.

Hona hemen Sanjuandegiko jaietarako egitarau osoa:

Maiatzaren 29a, asteazkena:

  • 21:00. Bertso afaria, Julio Soto eta Iker Zubeldiarekin, Baigeran.

Maiatzaren 30a, osteguna:

  • 19:00. Kantujira eta pintxo-poteoa. 21:00. Mus txapelketa, Ongi Etorri jatetxean. 22:00. Iluntze musikatua: Intza eta Gaizkile&Piro.

Maiatzaren 31, ostirala (Gazte Eguna):

  • 09:00. Gosaria eta auzolana.
  • 19:00. Ongi etorri Mantangorri!.
  • 19:05. Buruhandien eta erraldoien kalejira trikitilariek lagunduta.
  • 20:00. Batukada.
  • 21:00. Gazte afaria.
  • 23:00. Areto dantzak.
  • 23:00. Kontzertuak karpan: The Friday’s Crew, Kaleko urdangak eta Laket.
  • Ondoren, herriko DJak txosnan: Alexander Loop, Meritron, Kanpax, B2B eta P4ul.

Ekainaren 1a, zapatua (Auzo Eguna):

  • 10:30. Xake txapelketa.
  • 11:00. Judo erakustaldia.
  • 13:00. Bandaren kontzertua.
  • 13:30. Triki-Pintxo-Poteoa.
  • 15:00. Auzo bazkaria.
  • 17:00. VII. Trikiti txapelketa.
  • 18:30. Txokolatada.
  • 19:00. Ttek! elektrotxaranga buruhandiekin eta erraldoiekin.
  • 20:00. Parrilada, Sareren eskutik.
  • 22:00. Kontzertuak: The Bobbys eta Los zopilotes txirriaos. Ondoren, karpan gaupasa, DJ X de Mixtarekin.

Ekainaren 2a, igandea:

  • 06:00. Goxatu txokolateaz.
  • 07:00. Zezena.
  • 09:00. Salda badago.
  • 12:00. Dantzari txikiak.
  • 16:30. Zezen txikiak.
  • 18:30. Herri kirolak.
  • 20:00. Agur mantangorri!

Ekainaren 8a, zapatua:

  • 17:00. Gaztetxoen krosa Ruandaren alde.