Biluzik

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2019ko api. 11a, 12:00

Miren Gorrotxategik Urola Kostako Hitza egunkariaren 'Puntuka' atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau:

Zein desberdina den zeu bakarrik zaudela biluztea edo norbaiten begiradapean. Dela medikua, maitalea, edo aurrean duzun ispilua. Berdin dio. Tira, berdin ez, baina egoten da bakarrik gaudenean izaten ez dugun presio bat. Izan ere, bakartasunean ez diegu erreparatzen publikoaren aurrean akats (soberakinak nahiz faltak) bihur daitezkeen geure bereizgarri horiei. Norbait aurrean dugunean, ordea, geure gabezia horiek neurrigabeko garrantzia hartzen dute. Eta ispilua da denetan krudelena, geure buruaren bertsiorik tiranoena.

Izan ere, ez gaude biluztasunera ohituta. Estalkiz tapatzen ditugu gorputzak, baina baita geure sentimenduak ere, zer esanik ez harremanak. Eguneroko bizitza estresagarria aitzakiatzat hartuta, ez dugu hausnartzen geure poz eta ilusioez. Ezta kezkez eta beldurrez ere. Inork haietaz galdetuz gero, esaterako, geure beldurrez, heriotzari beldur diogula erantzungo genuke gehienok, seguru asko. Edo ez. Letek hala zioen: "Ez nau izutzen negu hurbilak uda betezko beroan…". Datozen bezala hartzen ditugu askotan gertaerak, onak zein txarrak, Es lo que hay batez lagunduta. Kontua da, ordea, mundu modernoaren aitzakian, ez garela gai geure buruarekin benetako barne-elkarrizketa bat izateko. Noiz egon zinen zeure buruarekin bakarrik zeuk hala nahita, aurrean edo eskuartean pantailarik gabe, edo bakardade-minutuak beteko dituen zigarrotxorik gabe? Ados, jar dezagun denbora falta aitzakiatzat, bai; baina ez aitzakia bakartzat, behinik behin.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.