Dinamoa sormen guneko ateak ireki dizkiete herritarrei

Uztarria.eus 2019ko api. 6a, 18:26

Dinamoa sormen gunearen lehen faseko lanak ari dira pixkanaka bukaerara iristen, eta ekainean zabalduko badute ere, gaur, zapatua, Soreasu auzoko eraikinean egokitu dituzten espazioak ikusteko aukera dute herritarrek. 11:00etan hasita, Kultur Mahaiaren ohiko batzarra egin dute hainbat lagunek; bertan joan zen urtearen balorazioa nahiz 2019rako lan idloak izan dituzte hizpide. Gainera, aurtengorako erronka bat ere jarri dute: Dinamoa sormen gunearen irekiera. Batzarra bukatzean, 12:30ean, Kultur Mahaiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek sormen gunearen proiektuaren aurkezpena egin dute, eta ondoren horiek eta herritarrek bisita gidatua egin dute Dinamoa sormen gunea izango den eremuan. Dozenaka lagun bertaratu dira ate irekien lehen saiora, eta hiru taldetan banatuta egin dute bisita jende kopuruagatik. Arratsaldean ere izango da gunea bisitatzeko aukera; hain zuzen ere, 17:00etarako, 18:00etarako eta 19:00etarako jarri dituzte hitzorduak.

Gaurko bisita gidatuan proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte Udaleko eta Kultur Mahaiko ordezkariek. Haiek adierazi dutenez, Dinamoa sormen gunea lau eremuk osatuko dute, eta lehen fasean horietako hiru egokituko dituzte: irudiaren, hitzaren nahiz gorputzaren eremuak. Bigarren fasean, berriz, soinuaren eremuko lanak egingo dituzte. Sormen gunea sormen adierazpen eta diziplina orori bide emateko laborategia dela adierazi dute Kultur Mahaiko nahiz Udaleko kideek: "Sortzaileek lan egiteko lekua da, babesa eta giroa. Euskalduna, Euskal Herrikoa eta mundukoa. Inorena ez baina denona, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko, sormena norbere baitatik kolektiborako jauzia baita". Dinamoa herriko kultur mugimendua "berritzeko eta biziberritzeko" asmoz sortutako gunea dela gogorarazi dute. Gainera, sortzeko, ikasteko eta partekatzeko gunea izango dela esan dute.

Sormen guneko lau eremuetako bakoitzerako proiektu ardatz bat garatu dute, eta horien berri ere eman dute gaurko ate irekien jardunaldietan. Hitzaren eremua sormen lanaren ardatzean hitza duten adierazpide nahiz jardunentzat izango da, eta eremu horretan Hitzaren Eskola deituriko proiektua jarriko dute martxan. Irudiaren eremuan, "bizi gaituen mundua idazteko behar diren grafia guztiak eskura jartzeko" gunean, Irudikaria proiektua gauzatuko dute. Gorputzaren eremuan, berriz, Oholtzaberri proiektua izango da erdigunea; eta soinuaren eremuan soinu plataforma deitu duten proiektua.

Norbanako sortzaileentzat ez ezik, taldeentzako gunea ere izango da sormen gunea. Gaur egun, kultur talde batzuk badute beren topalekua Soreasuko sormen gunean, hala nola Antxieta arkeologia taldeak eta Udal Musika Bandak. Sormen gunea zabaltzean, berriz, Uztarria Komunikazio Taldea eta Urola Kostako Hitza hedabidea ere Dinamoan izango dira.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu duenez, aurrera egiteko inbertitu egin behar da, baita kulturan ere: "Azpeitiko Udalak azpiegitura hau bukatzeko milioi bateko inbertsioa egin du; hau da, azpeitiarrok milioi bat inbertitu dugu kulturan. Baina Azpeitiak eta kultur mugimenduak behar ditu horrelako inbertsioak, eta etorkizunean herriari bueltan itzuliko zaio". Josu Labaka Kultura batzordeburuak, berriz, sormen gunea "emaitza baino abiapuntua" dela azpimarratu du: "Aberastasuna sortzeko gunea izango da ekainetik aurrera. Kulturak erronka handiak ditu aurrera begira: sormena, belaunaldien arteko transmisioa... horiei heltzeko gunea izango da honakoa".

Hona hemen, gaur goizeko batzarreko eta bisita gidatuko irudi batzuk: