Igarako errotak ateak irekiko ditu asteburuan

Uztarria.eus 2019ko mar. 20a, 12:07
Iazko ate irekien jardunaldiak, Igarako errotan.

Loiolako ur errota zaharra martxan ikusi nahi dutenek horretarako bina aukera izango dituzte zapatu arratsaldean eta igande goizean. Uraren Mundu Egunaren harira antolatu ditu ate irekiak Ekoetxeak. Ez dago aurrez izena eman beharrik.

Etzi, martxoak 22, Uraren Mundu Eguna izango da, eta aurreko urteetan bezala, egun horren bueltan lanean jarriko dute Igarako errota zaharra. Loiolan dagoen XVIII. mendeko ur errotak nola funtzionatzen duen ikusteko aukera izango dute zapatuan eta igandean, hilak 23 eta 24, Igarara joaten direnek, Ekoetxeak familientzako ekintzen barruan antolatu dituen ate irekien jardunaldietan.

Guztira, lau bisitaldi edo saio prestatu dituzte, egun bakoitzeko bina. Zapatuan, 16:00etan eta 17:00etan hasiko dira errota ezagutzeko saioak; igandean, berriz, goizean irekiko dituzte ateak, 11:00etan eta 12:00etan.

Joan nahi dutenek aipatutako orduetarako Igaran azaltzea besterik ez dute egin beharko, ez baitago aurrez izena eman beharrik.