Gizarte Ekintzailetza eta Berrikuntza Proiektu Saria jaso du Nerea Amenabarren Ubikare enpresak

Nerea Amenabar (ezkerrean) eta Angel Diez (ezkerretik bigarrena) Ubikareren sortzaileak, Bizkaia Enpresa Sarien ekitaldian. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Ubikare enpresaren sustatzaileek Julia izeneko softwarea sortu dute, osasun arloko bezeroei "ahalik eta arreta pertsonalizatuena" eskaintzeko eta adineko pertsonen zaintzaileei nahiz gizarte langileei "lana errazteko". Bizkaiko Foru Aldundiaren Beaz sozietate publikoak banatzen ditu On Bizkaia Sariak.

On Bizkaia sarien Gizarte Ekintzailetza eta Berrikuntza Proiektu saria jaso du Ubikare enpresak. Duela bi urte jarri zuen proiektua martxan, eta Nerea Amenabar azpeitiarra da Ubikareren sortzaileetako bat. Ubikareren xedea da menpekotasuna duten adineko pertsonentzat etxeko zaintza zerbitzu pertsonalizatua eskaintzea. Hori dela eta, Ubikare enpresaren sustatzaileek Julia izeneko softwarea sortu dute, bezeroei "ahalik eta arreta pertsonalizatuena" eskaintzeko eta adineko pertsonen zaintzaileei nahiz gizarte langileei "lana errazteko". Bizkaiko Foru Aldundiaren Beaz sozietate publikoak banatzen ditu On Bizkaia Sariak, eta aurten Nerea Amenabarrek eta Angel Diezek sustatutako proiektua izan da nabarmendu dituzten lanen artean.

Enpesaren sortzaileek osasunaren sektorean "konponbide berriak" eskaintzeko sortu zuten Ubikare. Horrela azaldu du Amenabarrek: "Ikusten genuen gero eta eskari handiagoela zegoela adinekoen zaintza arloan. Zerbitzu publikoak ez zituen behar guztiak asetzen, eta arlo pribatuko proiektuak ez ziren bideragarriak ekonomikoki. Horregatik sortu genuen proiektua, behar zutenei zerbitzu integrala eta pertsonalizatua emateko, eta bezeroen bizi kalitatea hobetzeko".

"Auto-zaintza, independentzia eta elkar-erantzukizuna" sustatzea nahi du Ubikarek. Horretarako diseinatu duten softwareak bezeroaren osasun fisikoaren, mentalaren eta emozionalaren berariazko plana diseinatzeko baliabideak eskaintzen ditu. Diezen hitzetan, adineko pertsonen zaintzaileei "lasaitasun eta segurtasuna" ematen dien tresna da: "Softwarearen bitartez egindako azterketari esker osasun zaintzaileak zehatz jakingo du zer, nola eta noiz egin behar duen".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide