21. Korrika

Korrikako kilometroak eros daitezke dagoeneko

2017ko Korrika Azpeititik igaro zeneko irudi bat.

Kilometro osoak 425 euro balio ditu, eta erdiak, berriz, 213 euro. Kilometroa erosi nahi dutenek telefono zenbaki honetara deitu edo whatsappa bidali beharko dute: 638-45 78 79. Korrika batzordekoek dei egin diete herritarrei apirila bitarteko lanetan laguntzeko.

21. Korrika apirilaren 12an igaroko da Azpeititik, eta lekukoa eraman nahi duten erakundeek, elkarteek, enpresek edo herritarrek dagoeneko eros dezakete kilometroa. Kilometro osoak 425 euro balio ditu, eta erdiak, berriz, 213 euro. Kilometroa erosi nahi dutenek telefono zenbaki honetara deitu edo whatsappa bidali beharko dute: 638-45 78 79. Dena den, duela bi urte kilometroa erosi zuten elkarteei batzordetik deituko diete kilometroa eskaintzeko. Beste edizioetan bezala, aurrerago zehaztuko da ibilbideko kilometroen zozketa noiz egingo den.

Bestalde, Korrikako batzordekoek dei egin diete herritarrei apirila bitartean egin beharreko lanetan laguntzeko. Laguntzeko prestutasuna dutenek mezu elektroniko bat bidali beharko dute natul.euskeraz@gmail.com helbidera, eta batzordekoak harremanetan jarriko dira beraiekin. Bestela, datorren asteazkenean, hilaren 13an, izango da hurrengo bilera, Sindikatu Zaharrean. Herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.

Klika

Apirilaren 12an, ostiralez, pasatuko da Korrika Azpeititik; 09:34 da egitasmoa herrira iristeko aurreikusitako ordua. Elgoibar aldetik iritsiko da lekukoa, eta Azpeititik kostaldera joanda, arratsaldez Donostiara iritsiko da. Apirilaren 4an hasiko da euskararen aldeko festa erraldoia, Garesen (Nafarroa) eta Gasteizen amaituko da. 21. edizioa da aurtengoa, eta Klika da leloa: "Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea", azaldu dute Korrikaren sustatzaileek.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide