Sansebastianak 2019

Euripean bukatu dira sansebastianak

Uztarria.eus 2019ko urt. 21a, 12:42

Larunbateko helduen danborradan eguraldiak ateri eutsi bazion ere, atzo, San Sebastian egunean, euria izan zen protagonista. Herriko gaztetxoek euripean egin behar izan zuten haurren danborrada eguerdian, eta modu berean agurtu zituzten sansebasianak gaueko bandera jaitsieran, euritan blai. Helduen danborradako sei taldek parte hartu zuten atzoko bandera jaitsieran: Irrintzik, Txalintxok, Arauntzak, Sanjuandegik, Izarraitz Txokok eta Zokoak. Gaueko hamabiak jo orduko hasi ziren San Sebastian martxa jotzen, eta udaletxeko balkoitik bandera jaitsi zuten Mikel Ibarzabal Festa Batzordeburuak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Euri jasa hasi zuen orduan, baina danbor-joleek umorez egin zioten aurre zaparradari. Euripean baina umore onarekin agurtu dituzte herritarrek sansebastianak, hurrengo urtera arte.

2019ko sansebastianetako bandera jaitsierako argazki bilduma, hemen.