Sansebastianak 2019

Dioni eta Iñigo Perez omenduko ditu Udalak, San Sebastian jaietan

Uztarria.eus 2019ko urt. 10a, 14:25

Perez anaiak beheko ilaran, erdian, Errege Magoen etorreran.

Urteetan parrokiako jaiotza muntatzen egin duten lanagatik jasoko dute bi anaiek erakundearen aitortza San Sebastian egunean, umeen danborrada plaza iristen denean. Gainera, Arauntza elkarteak 50 urte beteko ditu danborran, eta soziedade horretako ordezkariek ere jasoko dute omenaldia, San Sebastian bezperan, gauerdia iristean.

Dioni eta Iñigo Perez anaiak omenduko ditu Udalak San Sebastian jaietan, urteetan Soreasuko Sebastian Donearen parrokiako jaiotza muntatzen egin duten lana eskertzeko. Hain zuzen ere, bi anaia azpeitiarrek 40 eta 50 urtetik gora daramatzate parrokiako Gabonetako jaiotzaz arduratzen, eta erakundeak urteetan egindako "lan isila" aitortu nahi die biei. San Sebastian egunean, haurren danborrada plazara iristen denean, egingo diete omenaldia, udaletxean.

Bestalde, aurtengo San Sebastian jaietan 50 urte beteko ditu Arauntza elkarteak, eta soziedade horretako kideak omenduko ditu Udalak helduen danborradan. Urrezko ezteiak egingo ditu taldeak, eta gauerdia iristean, Mikel Sanjuan tailugile azpeitiarrak egindako oroigarria emango die Udalak Arauntzako ordezkariei udaletxean.