'Korosagasti' filma grabatzen hasi dira

Uztarria.eus 2018ko urr. 26a, 12:44

Atzo, osteguna, hasi ziren Beizamako krimenetan oinarritutako Korosagasti filma grabatzen. Urrestillan eta Esklabetan egin zituzten grabaketak, eta datozen aste eta hilabeteetan jarraituko dute errodatzen. Filmaren grabaketa otsailaren 23an bukatzea aurreikusten du lantaldeak. Azpeitiko, Beizamako eta Azkoitiko hainbat lokalizazio erabiliko dituzte filma osatzeko.

2017an hasi ziren Korosagasti proiektua martxan jartzen. Asier Sustaeta da ikus-entzunezkoaren zuzendaria, eta 30 bat laguneko taldea ari da lanean. Gidoia Alaitz Olaizolak, Asier Sustaetak eta Miren Gorrotxategik idatzi dute, eta Itziar Elias arduratuko da arte zuzendaritzaz. Aktore zuzendariak, berriz, Idoia Uranga eta Amancay Gaztañaga dira, eta jantzien ardura Xanti Alkortarena da. Irudi zuzendaritzan ariko dira Oihan Amezua, Oier Arregi, Saioa Murua eta Yuri Agirre, eta ekoizpen lanetan, aldiz, Nora Alberdi, Netzer Bereziartua eta Xabi Otamendi. 48 aktorek parte hartuko dute filmean, eta horietako asko bailarakoak dira.

Azpeitiko Udalaren Sormen Beka jaso zuen Korosagasti proiektuak.