'Ispiluak eta itsasoak' eleberria kaleratu du Joxean Agirrek

Uztarria.eus 2018ko urr. 5a, 14:13
Irasizabal eta Agirre atzoko aurkezpenaren ostean. (Hitzen Uberan)

Agirrek sortu duen istorioa Belle Époque garaian kokatzen da, eta Zestoako bainuetxea da kontakizunaren abiapuntua. Atzo aurkeztu zuen lana Donostiako Elkar aretoan. Elkar argitaletxearen arabera, "dotoreziaz eta xalotasunez" kontatzen du Agirrek istorioa.

Joxean Agirre idazleak (Azpeitia, 1949) beste eleberri bat kaleratu du: Ispiluak eta itsasoak. Atzo aurkeztu zuen lan berria, Donostiako Elkar aretoan; izan ere, argitaletxe horrekin argitaratu du lana.

Agirrek sortu duen istorioa Belle Époque garaian kokatzen da, 1920. urtean hain zuzen ere, eta Zestoako bainuetxea da kontakizunaren abiapuntua. Izan ere, 16 urte dituen eta Zestoako bainuetxean lan egiten duen Maria da laneko protagonista. Agirrek atzoko aurkezpenean esan zuenez, bere ama izan zuen pertsonaia sortzerakoan oinarri, hark gaztetan Zestoako bainuetxean egin zuelako lan.

Elkar argitaletxearen arabera, "dotoreziaz eta xalotasunez" kontatzen du Agirrek istorioa: "Belle Époqueko edertasuna eta xarma eta gaztaro galduaren ukitu nostalgikoa batzen ditu".

Atzo Xabier Mendiguren Elkarreko editorea lagun aurkeztu zuen liburua azpeitiarrak, eta harekin batera Iñaki Irasizabalen Aramotz lana ere aurkeztu zuten.