Sitgesen erdituko da 'Lekaime'

Oihana Maritorena aktorea eta Xanti Rodriguez zuzendaria, ‘Lekaime’ filmaren grabazioan. (Xanti Rodriguez)

Kataluniako herriko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatuko du Xanti Rodriguez azpeitiarrak bere lana. Film labur onenaren sariagatik lehiatuko da, sail ofizialean.

Beheko eta erdibideko mailetan zaildu beharrik izan gabe iritsi dira maila gorenera Xanti Rodriguez (Azpeitia, 1978) eta bere Lekaime. Izenburu hori du Rodriguezek zinemagintzan hasieratik berak sortu eta ondu duen aurreneko lanak. Azpeitiarrak idatzi, ekoiztu eta zuzendu du, besteak beste, magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak uztartzen dituen hamazazpi minutu pasako film laburra. Fantasia eta beldurrezko generoak ere uztartu ditu, joan den mendeko 40ko hamarkadan kokatu duen istorioa kontatzeko; "Hitlerrek Hendaia zapaldu zuen egunetan dago oinarrituta", dio egileak. Eta fantasiazko eta terrorezko filmen zeruan erdituko da erditu berri den ama bat kontakizunaren abiapuntu duen lana: Sitgeseko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 51. edizioan. Euskaraz egin du filma azpeitiarrak eta hala emango dute jaialdian, azpidatziekin.

Joan den astean baieztatu zuten Rodriguezek "inondik espero ez" zuen albistea: Lekaime Sitgesen (Bartzelona, Katalunia) lehiatzeko aukeratu zutela. Urriaren 4tik 14ra egingo dute aurtengo jaialdia, eta hilaren 7an estreinatuko dute han Lekaime; sail ofizialaren barruan lehiatuko da, film laburren atalean, beste bederatzi lanekin batera.

"Ekoizpen pertsonala"

Pozarren dago Rodriguez, eta onerako harrituta ere bai, iazko neguan filma grabatzen ari zenean ez baitzitzaion burutik pasatu ere egiten bere lanak non eta Sitgesen ikusiko zuela argia: "Fantasiazko eta beldurrezko zinemari eskainitako jaialdien artean mundu mailako erreferentzia da Sitges. Lehiakide izango ditugun lanak eta egileak ikusten dituzu, eta... izugarria da, egundoko maila dago, Pixar-en lan egiten duen jendea eta".

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide