Datorren astelehenean hasiko dira Ilunpe pilota elkartearen entrenamenduak

Erabiltzailearen aurpegia Ilunpe Pilota Elkartea 2018ko ira. 12a, 11:41

Pilotan aritzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Astelehenean irekiko da horretarako epea. Tramitazio guztia Luba aholkularitza bulegoaren bitartez egin beharko da, han bakarrik izango baitira eskuragarri izen-emate orriak. Urtero bezala, entrenamenduak pilotarien adinaren arabera egongo dira banatuta.

Ikasturte berriarekin batera, Ilunpe Pilota Elkarteak gogotsu ekingo dio 2018-2019 denboraldiari. Datorren astelehenean, irailak 17, hasiko dira lehenengo entrenamenduak. Urtero bezala, entrenamenduak pilotarien adinaren arabera banatuta egongo dira, eta honako hauek izango dira egutegiak:

  • Aurre-benjaminak (2011n edo ondoren jaiotakoak): Frontoi Txikian, 10:00etatik aurrera, irailak 22an (zapatua).
  • Benjaminak (2009 edo 2010an jaiotakoak): Frontoi Txikian, 18:00etatik aurrera, irailak 19 eta 20an (asteazkena eta osteguna hurrenez hurren).
  • Alebinak (2007 edo 2008an jaiotakoak): Frontoi Txikian, 18:00etatik aurrera, irailak 17 eta 19an (astelehena eta asteazkena hurrenez hurren).
  • Infantilak (2005 edo 2006an jaiotakoak): Izarraitz pilotalekuan, 19:00etatik aurrera, irailak 17an (astelehena).
  • Kadeteak eta jubenilak: Frontoi Txikian, 18:30etik aurrera, irailak 18an (asteartea).
  • Nagusiak irailak 18an hasiko dituzte beraien entrenamentuak.

Izen-ematea

Ilunpe pilota elkarteak gogoratu du pilotan aritu ahal izateko pilotariek klubean izena eman beharko dutela aurrez. Izen-ematea irailaren 17tik urriak 5era egongo da irekita, eta tramitazio guztia Luba aholkularitza bulegoaren bitartez egin ahalko da soilik. Bertan egongo dira eskuragarri izen-emate orriak, eta horiek bete ondoren Luban utzi beharko dira.

Lubaren ordutegia:

  • Irailean, 8:00-14:00, astelehenetik ostiralera.
  • Urrian, astelehenetik ostegunera 8:00-15:00 eta 15:30-19:30; ostiraletan 8:00-15:00.

 

Patxi Azkargortaren omenezko txapelketa

Patxi Azkargortaren omenezko txapelketaren data gertu dago. Sariketa hori modu egokian antolatzeko, Ilunpek dagoeneko ireki du bertan parte hartzeko izen-ematea. Azkargortaren omenezko txapelketan parte hartu nahi dutenek urriaren 5a baino lehen eman beharko dute izena.

Aurtengo denboraldia ere arrakastatsua izango denaren itxaropenarekin, frontoira gerturatu eta pilotaz gozatzeko deia luzatu nahi du Ilunpek.