Ikasturte berrirako aurreneko kultur hitzorduak, zehaztuta

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2018ko ira. 10a, 19:18
Grises taldea da Sanagustin kulturguneko oholtzara igoko den taldeetako bat.

Ikasturte berria hasi berri den honetan, Kulturaz kooperatibak zehaztu ditu datozen hilabeteetan Sanagustin kulturgunean eta Soreasu antzokian izango diren zenbait hitzordu, eta dagoeneko jakinarazi ditu prestatutako ekitaldiren datak: kontzertuak, txotxongilo ikuskizunak, Txisteratik Egun Magikoa, hitzaldiak, film zein dokumental emanaldiak, antzerkiak, Laboaldia... 

Azpeitian ekoiztutako eta azpeitiarrak protagonista diren bi ikus-entzunezko izango dira iraileko kultur agenda irekiko dutenak. Ostiralean, hilak 14, iaz martxan jarritako AnnapurnaII_86 proiektuaren bigarren fruitua den Ametsen harria dokumentala aurkeztuko dute Soreasu antzokian. Ametsen harria dokumentalean 1986an Azpeititik Annapurna II Himalaiako tontorrera egin zuten espedizioaren abentura hura nola abiatu zen kontatzen dute protagonistek, lehen pertsonan. Dokumentalaren emanaldia ostiralean izango da, 19:00etan izango da. AnnapurnaII_86 proiektuaren aurreneko fruitua –Duela 32 urte AnnapurnaIIrako espedizioan grabatutako ikus-entzunezkoa–  ere ikusgai izango da datozen egunetan Soreasu antzokian. Hilaren 15ean 22:00etan, hilaren 16an 19:30ean eta hilaren 17an 21:00etan emango dute berreskuratutako dokumentala.

Ikus-entzunezkoak, musika, umorea eta txotxongiloak

Ikus-entzunezkoekin jarraituta, hilaren 19an Ladrones del tiempo filma izango da ikusgai Soreasu antzokian, Emakumeen Mahaiak antolatuta. Ikus-entzunezkoa ikusi ostean, solasaldia egongo da zuzendariarekin, Cosima Dannoritzerekin.

Irailaren 21ean musika izango da protagonista Sanagustin kulturgunean, hitzordu berezi batean. Egun horretan Hazparneko Falta musika taldea izango da Azpeitian, Kulturaz kooperatibak abiatutako Arkupe hotsak egitasmoari esker grabatutako diskoa aurkezten. Arkupe hotsak proiektuaren lehen edizioan nabarmendutako taldea da Falta. Zuzenekoa 22:00etan hasiko da.

Umoreaz hausnartzeko tartea ere izango da kulturgunean. Irailaren 24an, 25ean eta 26an Umorea oso kontu serioa da jardunaldiak hartuko dute Azpeitia, eta Antton Olariagaren eta Kike Amonarrizen hitzaldiarekin hasiko da hiru egun iraungo duen jardunaldia. Hilaren 25ean Esklabo alaiak nobela grafiko politikoa aurkeztuko du Asisko Urmenetak Sanagustinen eta hilaren 26an Idoia Torregarai umorezale eta umoregileak umoreaz eginiko hausnarketei buruzko bakarrizketa saioa eskainiko du.

Iraileko agenda ohikoa ez den hitzordu batek itxiko du. Irailaren 30ean Jon Braun txotxongilo ikuskizuna iritsiko da Soreasu antzokira. Ikuskizunak "maitasunak ematen duen adorea" erakustea du xede, "western itxuran koloreztatuta eta kantatuta, eta abenturaz, umorez eta emozioz jantzita". Emanaldia 16:30ean hasiko da, Soreasun. 

Datozenak

Kultur emanaldiek ez dute izango etenik datozen hilabeteotan, eta horren erakusle da jadanik lotuta dauden zenbait hitzordu. Ate joka dago, esaterako, hirugarren Txisteratik Egun Magikoa. Urriaren 6an magiak hartuko ditu herriko kaleaz beste urte batez eta urriaren 12an Euskal Herriko Metal topaketak egingo dituzte Azpeitian. Azaroaren 7an The Posies izango da Sanagustinen eta hilaren 10ean Zestoako Grises taldea eta Azpeiti-Azkoitiko Silence musika taldea igoko dira Sanagustingo oholtzara. Horiek ez ezik, azaroaren 25ean Ruper Ordorikaren kontzertua izango da kulturgunean. Abenduaren 8an Tundra eta Ro musika taldeak igoko dira Sanagustingo oholtzara. Horrez gain, Laboaldia prestatzen ari da Kulturaz abenduaren 1erako. Ekitaldietarako sarrerak eskuragarri daude Kulturaz kooperatibaren webgunean.