96 haurrek eta nerabek jaso dituzte formaziorako bekak lehen seihilekoan

Uztarria.eus 2018ko abu. 30a, 14:46

25 urtetik gorako langabetuentzako edo %50eko jardunaldia dutenentzako laguntza lau lagunek jaso dute oraingoz. Bigarren seihilekoan ere eska daitezke laguntza horiek.

Azken urteotan, "babes eta justizia soziala" helburu, Udalak hainbat diru-laguntza jarri ditu martxan. Udalak zuzenean kudeatzen eta ematen ditu laguntza horiek, eta horietako bat da formakuntzarako ematen duena. Formaziorako bi laguntza eskaintzen ditu, eta 50.000 euro bideratu ditu aurten ere horretarako.

Laguntza horietako bat 3 eta 18 urte arteko haurren eta gaztetxoen hezkuntza ez arautuko hainbat ekintzetarako da; diru sarreran arabera, ekintzen %90era arteko laguntza lor daiteke. Urtearen lehen seihilekoan, 96 haurrek eta nerabek jaso dute laguntza hori, eta Udalaren arabera, eskaera "asko" hazi da urtearen lehen zatian; iaz, garai berean, 75 lagunek jaso zuten. "Gero eta jende gehiagok ezagutzen du beka, eta horrek eskaerak urtez urte igotzea ekarri du", adierazi du Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Diru-laguntza hori garrantzitsutzat jotzen du: "Familia askorentzat esfortzu handia eskatzen dute haurren eskolaz kanpoko ekintzek, eta horiek diruz lagunduz herriko familien bizi kalitatean eragiten dela uste dugu".

Orain arte kirol edo aisialdiko ekintzetarako eskatzen zen laguntza, baina aurten "asko" izan dira eskola partikularretarako laguntzak eskatu dituztenak: "Formakuntzarako bekak dira, eta herritarrak formatzen laguntzea da gure helburua. Bide horretan, ikasturtearen erritmoari segitzen laguntzeko zailtasunak dituztenei laguntza eskaintzea ezinbestekoa da guretzat", gaineratu du Elduaienek.

25 urtetik gorako langabetuentzako edo %50eko jardunaldia dutenentzako laguntza

25 urtetik gorako langabetuentzako edo %50eko jardunaldia dutenentzako laguntza ere ematen du Udalak, eta, oraingoz, lau lagunek jaso dute laguntza hori. Beka sistema horren helburua da pertsona horiei formazioa eskaintzea, eta horrela, lan mundura sartzea erraztea edota lan baldintzak hobetzeko aukerak sortzea. Matrikula –590 euroa arte–,  joan-etorriak eta ikas materiala erosteko gastuak ordaintzen ditu udalak.

Bigarren seihilekoan ere eska daitezke laguntza horiek. Informazio gehiago edo zalantzak argitzeko udaletxera jo dezakete herritarrek. Haurren eta gaztetxoen hezkuntza ez arautuko ekintzak ordaintzeko laguntzen inguruko oinarriak hemen irakur daitezke, eta hemen 25 urtetik gorako langabetuentzako edo %50eko jardunaldia dutenentzako laguntzen ingurukoak.