Hondakinen %70 gaika sailkatuta biltzera iritsi dira Urola Erdian

2018ko apirilekoak dira Urola Erdiko Mankomunitateak kaleratu dituen azken datuak, eta horien arabera, Aizarnazabalen dute tasa altuena (%80,11); txikiena, berriz, Azkoitian (%64,79). Azpeitian, martxoko datuaren antzekoa da apirilekoa (%73,73).

Urola Erdiko Mankomunitateak gaika bildutako hondakinen datuen berri eman du. Hain zuzen ere, Aitor Bereziartua mankomunitateko lehendakariak eta Gloria Hidalgo teknikariak aurkeztu dituzte mankomunitate osoko herrietako azken datuak. Haien arabera, mankomunitatearen helburua da hondakinak gaika "ahalik eta ondoen sailkatuta" biltzea; hondakinen %70 gaika sailkatuta biltzea da erakundearen helburua, eta 2018ko apirilean lortu dute lehen aldiz bailarako herrietan batez beste kopuru horretara iristea.

Mankomunitatea 2014an hasi zen hondakinak gaika biltzeko "sistema egokiak" ezartzen udalekin elkarlanean; orduan, hondakinen %49,8 inguru biltzen zen gaika sailkatuta. Aurten amaitu dute aldaketa prozesu hori, Azpeitiko sistema aldatuta. "Orain, ia lan guztiak amaituta daudenean, helburua betetzea lortu da" azaldu dute mankomunitateko ordezkariek.

Honako hauek dira herriz herriko datuak:

2018ko apirilekoak dira azken datuak, eta horien arabera, Aizarnazabalen dute birziklatze tasa altuena (%80,11); txikiena, berriz, Azkoitian (%64,79). Datuek adierazten dutenez, Azkoitia da %70eko gaikako bilketa tasara iristen ez den mankomunitateko herri bakarra. Azpeitian %73,73koa da apirileko tasa –martxoan %70,57koa zen tasa–, Beizaman %75,61koa, Bidania-Goiatzen %73,05koa, Errezilen %75,36koa, eta Zestoan %71,88koa. Batez besteko tasa, berriz, %70,04koa da.

Mankomunitateko ordezkarien arabera, gaikako bilketa tasa ia %60koa izan da azken bi urteotan, eta 2018an izan da "igoerarik altuena": izan ere, urtarrilean gainditu dute %60ko tasa, eta apirilean, %70era iritsi dira. Beheko grafikoan ikus daiteke 2014tik 2018ra bitartean gaikako sailkapen tasak izan duen eboluzioa:

Datuek erakusten dutenez, gero eta hondakin gutxiago bideratzen da zabortegietara. 2015, 2016 eta 2017 urteetan, biztanleko 180 kilo bideratzen ziren zabortegietara urtero, eta, egungo datuak kontuan hartuta, orain arteko joera mantentzen bada, aurtengo urtean 112 kilora jaitsiko da kopuru hori. Hona hemen azken urteotako datuak:

 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide