Urrestillako sanjuanak 2018

Ur jolasetan blai eta patata tortilla lehiaketarekin osatu dute sanjuanetako azken arratsaldea

Festa betean agurtu zituzten atzo Urrestillan aurtengo sanjuanak. Umeen jolasekin hasi zuten San Juan Hirugarreneko arratsaldea. Udako eguraldi ederra aitzakia bikaina izan zuten umeek eta gaztetxoek ur jokoekin gozatua hartzeko. Horietako batzuk lehortzeko beta juxtu-juxtuan izan zuten, gurasoekin batera patata tortilla lehiaketan parte hartzeko. Hamabi bikotek edo taldek parte hartu zuten lehiaketan, eta Iñaki eta Xiker Aizpuru aita-semeak izan ziren irabazleak.

Lehiaketara aurkeztutako tortillekin eta tabernariek emandako pintxoekin osatutako afari-meriendaren apurrik ere ez zen gelditu ondoren zimitorioan, eta tripak ondo beteta, San Juan arbola botata eta harekin azken kalejira eginda bukatu zituzten iluntzean aurtengo sanjuanak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide