Eraso sexistak gaitzesteko eta erasotzaileenganako babes soziala salatzeko elkarretaratzea izango da ostiralean

Urola Kostako hainbat eragilek deitu dute elkarretaratzea, eta tartean daude Azpeitiko Gaztetxea eta Basanderiek asanblada feminista. Erasotzaileak gure herrietatik kanpora lelopean egingo dute elkarretaratzea, 18:30ean plazan.

Azpeitiko Gaztetxeak, Basanderiek eta Sostenipe asanblada feministek eta Zestoako zenbait emakumek deituta, sexu erasoen aurkako elkarretaratzea izango da ostiralean, hilak 15, Azpeitiko plazan. Erasotzaileak gure herrietatik kanpora lelopean elkartuko dira ostiralean, "eraso sexistak gaitzesteko eta erasotzaileenganako babes soziala salatzeko". Kontzentrazioa 18:30ean hasiko da. 

Elkarretaratzearen deitzaileen hitzetan, "erasoen auziari sozialki heltzen hasteko garaia da", eta horregatik, erasotzaileei erakusten zaien babes soziala ozen salatu nahi dute. "Eraso bat gertatzen denean, erasotzaileaz gain, hura babestu eta justifikatzen duten pertsonek ere erasoaren gaineko ardura maila altua dutela argi dugu. Konplizitate honekin apurtu eta eraso sexistekin amaitzea denon ardura da. Gure ardura da", diote.

Azpeitiko Gaztetxeak eta Basanderiek asanbladak herritarrei dei egin nahi diete ostiraleko elkarretaratzera bertara daitezen. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide