Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak irabazi dute Azpeitiko Rallysprinta, laugarren urtez jarraian

Uztarria.eus 2018ko api. 22a, 00:30

Laugarren txapela eskuratu dute Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak (BMW M3) gaur arratsaldean jokatu den Azpeitiko Rallysprintean. Joseba Beola eta Jose Luis Iratzoki (Mitsubishi EVO X) sailkatu dira bigarren postuan, eta Jokin Aiertza eta Joseba Bikendi azpeitiarrak (Mitsubishi EVO IX) hirugarrenean.

Castro eta Urkiola oso ondo moldatzen dira Azpeitiko Rallysprintean; izan ere, lau urtez jarraian beraiek irabazi dute proba. Lehen zatian abantaila ona lortu dute, eta gero alde horri eusten asmatu dute. Beolak eta Iratzokik ere lasterketa ona egin dute, denbora luzez probetan parte hartu gabe egon ostean. Herriko lehen sailkatuak, berriz, Aiertza eta Bikendi izan dira; haiek azken zatian egin dute denborarik onena. Enrique Barrenetxea eta Anartz Onaindia (Mitsubishi EVO IX), berriz, podiumetik kanpo gelditu dira, golpe txiki bat hartu ostean, autoari konpenketak egin behar izan dizkiotelako, eta, ondorioz, denbora asko galdu dutelako. Laugarren postuan, Mattin Villares eta Jon Zozaia (Renault Clio Maxi) sailkatu dira. Bosgarren, berriz,  Jokin Urkizu eta Oroitz Garbizu (BMW 328i) gelditu dira, eta beraiek izan dira formula libreko irabazleak ere.

Mailaka honela gelditu da sailkapena:

1.klasea: Jon Ander Martinez (Citroën Saxo), junior kategorian ere garaile izan da.

2.klasea: Gorka Idigoras (Renault Clio Sport).

3.klasea: Iraitz Olariaga (Honda Civic TypeR).

4.klasea: Raul Perez (BMW 325i)

5.klasea: Aingeru Castro.

6.klasea: Joseba Beola.

10.klasea: Jokin Urkizu.

Istripuak

Istripu bat ere izan da gaurko rallysprintean. Hain zuzen ere, Ekain Otaegi azpeitiarrak eta Jon Alberdi azkoitiarrak (Citroën Saxo) izan dute ezbeharra, eta biak Donostia ospitalera eraman dituzte anbulantzian. Ez dute ezer hautsita, baina min zutela nabarmendu dute. Istripu hori dela eta, lehen saio ofiziala neutralizatu egin da. Horrez gain, azken mangetako batean auto batek su hartu du, eta bi suhiltzaile kamioi bertaratu dira.