Sammic ISBren garaipenarekin agurtu du kapitainak taldea

Uztarria.eus 2018ko api. 21a, 16:11

Sammic ISBk partida garrantzitsua jokatu zuen atzo, denboraldiko azkena etxean. Espainiako Urrezko LEB Ligako denboraldia amaitzeko azkenaurreneko partida izan zen atzokoa, eta sailkapenean 16. postuan zen taldea atzorarte. Mailari eusteko, azken bi partidak giltzarri izango dira, eta atzokoan garaipena lortu zuen taldeak, Logroñoko Clavijori 77 eta 72 irabazita. Beraz, garaipen garrantzitsua erdietsi zuen atzokoan Sammic ISBk. Azken partidan zer gertatzen den ikusi beharko da mailari eusten dion edo ez jakiteko.

Garaipenaz gain, atzokoan izan zen bestelako albisterik ere. Ibon Guridi kapitainak, hamar urte lehen taldean eman ostean, saskibaloia utziko zuela jakinarazi zuen. Horren aurrean. afizioak omenaldi beroa egin zion jokalari azpeitiarrari. Pare bat bertso ere abestu zizkioten kiroldegian bildutako zaleek. Hona hemen bertsoak:

Gaztetxoak entrenatzen
hamaika saio egina
eredu gisa daukazu
beraiengan eragina
kantxan gogor jardun arren
handik kanpo atsegina
indar bihurtzen dakizu
sortu dakizuken mina
nahiz eta lortu Iraurgik
izan dun lorpen haundina
hankak lurrean mantentzen
ederki asko dakina
eta ondoan betiko
lagunen babes berdina
ez zenuen edukiko
ona izan ez bazina.

Iraurgiko kamixeta
harrotasunez jantzia
taldeak zurekin hartu
du balio erantsia
igoeretan izana
sekulako garrantzia
eskertu nahi genizuke
inoiz ere ez etsia
batzutan gelditu arren
gorputza nekez hautsia
behe behetik hasita
urreraino iritsia
nahiz ta uztera zoazen
atea ez dago itxia
oraindik baduzu eta
hemen zer irakatsia.