Igandean izango da XLI. Udaberriko Argazki Rallya

Uztarria.eus 2018ko api. 5a, 13:01
Iazko argazki bilduma irabazlearen irudi bat. (Igor Froilan)

Kamera digitala eta memoria-txartel huts bat duen edonork har dezake parte rallyan. Parte-hartzaileek igandean bertan egin beharko dute izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen (AAE) egoitzan, 09:00etatik 09:30era bitartean. Epaimahaiak puntuak banatzerako orduan kontuan hartuko ditu irudien berezkotasuna, egilearen sormena eta teknika. 

Apirilean murgiltzearekin batera iritsi da Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAEk) urte sasoi honetan egin ohi duen Udaberriko Argazki Rallya. Aurtengoa 41. edizioa izango da, eta datorren igandean egingo dute.

Kamera digital bat eta memoria-txartel huts bat duen edonork har dezake parte rallyan. Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi 1, lehen solairua) egin beharko dute parte hartu nahi duten lagunek, 09:00etatik 09:30era bitartean. Leku horretan bertan hustuko dituzte txartelak, 13:00etatik 14:00etara bitartean. 

Parte-hartzaileek 10 euro ordaindu beharko dute izen-ematea. 16 urtetik beherako gaztetxoek, berriz, doan izango dute izen-ematea. Argazkilariek hutsik dagoen memoria-txartela eraman beharko dute igandeko probara, eta gehienez 36 irudi har ditzakete. Udaberriko rallyan parte hartzen dutenek ezingo dituzte ateratako argazkiak editatu, ordenagailuaren erabilera debekatuta baitago. Argazkilariek ahalik eta bereizmen onenean eta JPG formatuan hartu beharko dituzte irudiak. Bildumarik onena aukeratzerakoan epaimahaiak kontuan hartuko ditu irudien berezkotasuna, egilearen sormena eta teknika. 

Urtero gisan, rallyrako hautatutako gaiak egunean bertan jakinaraziko dituzte antolatzaileek. Probara animatzen diren lagunek gai bakoitzeko argazki bat aukeratu beharko dute. Ondoren, argazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte irudiak apirilaren 15a baino lehen, partaidearen zenbakia eta argazkiaren zenbakia adierazita. 

Sariak eta sari banaketa 

Honakoak dira AAEk banatuko dituen sariak:

  • Bilduma onena: 150 euro eta garaikurra.
  • Bigarren bilduma onena: 120 euro eta garaikurra
  • Hirugarren bilduma onena: 90 euro eta garaikurra. 
  • Herrikoa ez den lehen sarituak: 60 euro.
  • 16 urte azpiko hiru sarituei garaikurra emango diote.

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 6an izango dela aurreratu dute AAEko kideek, baita 18:00etan hasiko dela ere. Lekua zehaztea falta zaie. Bertan, sari banaketa egiteaz gain, udaberriko rallyko parte hartzaile guztien argazkien proiekzioa eskainiko dute.

Argazki sarituak antolatzaileen esku geldituko dira eta egokia irudituz gero, erabiltzeko eskubidea izango dute egilearen izena aipatuz. Udaberriko Argazki Rallyan lortutako puntuak baloiagarriak izango dira Herriz Herri Txapelketarako.

Iaz Igor Froilanek irabazi zuen Udaberriko Argazki Rallya. Gazteen artean bilduma onenaren saria, berriz, Xabat Laiglesiak eraman zuen.