Aloña Zubizarreta: "Aire libreko kartzela bat bezalakoa da Gaza"

Uztarria.eus 2018ko mar. 26a, 14:09
Aloña Zubizarreta –ezkerretik hirugarrena– hainbat medikurekin, ospitalean. (Aloña Zubizarreta)

Erizaina da ogibidez, eta bi hilean behin Gazara joaten da hango umeei ebakuntzak egitera. Ohiko bizimodura bueltatzea "gogorra" egiten zaiola azaldu du Zubizarretak. Harekin hitz egin du Julene Frantzesena kazetariak martxoko Uztarria aldizkarirako.

Duela hiru urte joan ziren Aloña Zubizarreta eta haren familia Jerusalemera bizitzera, senarraren lana tarteko. Erizaina da azpeitiarra, eta oraintsu egin du azken bidaia Gazara. Bi hilabetez behin joaten da hara umeei ebakuntzak egitera.

Nolatan hasi zinen Gazara joaten?

Erizaina naiz, eta etortzerako pentsatuta nuen Gobernuz Kanpoko Erakunderekin batekin-edo kontaktuan jarri behar nuela. Izan ere, zerbait ematerik banuela pentsatzen nuen. Lehenik, Bilboko Mundu Bat erakundearekin jarri nintzen harremanetan, eta haiek eman zizkidaten bertako GKEen kontaktuak. Belenen hasi nintzen lanean, Beit Sahourren. Belen dezente handia da, eta hango anbulatorio moduko ospitale txiki batean egiten dut lan. Astean bitan joaten naiz hara; batean larrialdietara eta bestean kirofanora. Erizaina naiz, baina kirofanoan egiten dut lana. Han lanean hasi eta gero, 2016aren hasiera aldean, Munduko Medikuak elkarteko koordinatzaileak deitu zidan. Gazan proiektu bat zutela eta erizain baten bila zebiltzala esan eta parte hartzera animatuko al nintzen galdetu zidan, eta halaxe hasi nintzen.

Zer egiten duzue han?

Bi hilean behin astebetez joaten gara hara. 18 urtez azpiko umeei eta nerabeei zuzendutako proiektua da. Horiei ortopedia eta traumatologia zerbitzuak eskaintzen dizkiegu. Gazako gobernuarekin adostutako proiektua da Munduko Medikuakena, eta haiek aukeratzen dituzte guk artatuko ditugun umeak beharraren arabera. Gazako lehen egunean hautatutako ume denak ikusten ditugu, 70-100 izaten dira. Gainerako egunetan ebakuntzak egiten ditugu. Ume batzuek, ebakuntza behar izaten dute, eta besteek, tratamendua. Gazako ospitale publikoarekin egiten dugu lan, eta azken aldian hegoaldean dagoen ospitale batean aritu gara lanean. Gaza ez da oso handia, baina gu gauden gunea Egiptorekin mugan dago. Errefuxiatuen eremu izugarri bat dago bertan, eta haren erdian dago ospitalea.

Zer nolakoa da hango egoera?

Joaterako pentsatzen nuen denak txiroak izango zirela, baldintza txarretan egongo zirela, baina denetarik dago. Errefuxiatuen eremuetako jendea askoz ere okerrago bizi da, horietako askok Nazio Batuetatik iristen zaien laguntza jasotzen dute UNRWA elkarteari esker. Blokeo egoeran bizi dira, asko sufritzen dute, ez baitaude egoera onenean. Gainera, orain energia murrizketak ere egin dizkiete, soldata bi hilabetero jasotzen dute medikuek adibidez, langabezia tasa oso handia da... Egoera ez da batere ona, baina konparaketa egiteko, esango nuke ez dela Afrika. Izan ere, ez dut ikusi umerik deshidratazioarekin edo elikatu gabe. Halako kasuak ez ditugu ikusten. Dena den, blokeo egoeran bizi dira, eta horrek sortzen dituen ondorio guztiak izugarriak dira.

Han ere izango dira medikuak eta erizainak... Blokeo horregatik joaten al zarete zuek lanera?

Bai, bai. Unibertsitateak dituzte, hangoa ez da ikasketarik gabeko jendea. Eta medikuak badaude, erizainak ere bai... Pasatzen zaiena da blokeoagatik ezin dutela kanpora irten eta beraien formazioa moztuta dagoela. Ezin dute, adibidez, teknika berriak ikastera irten. Horretan hanka motz daude, kanpotik goazenon bidez edo Internetez izaten dute berrikuntzen berri. Baina beraiek gauza askotan mila buelta ematen dizkigute: larrialdietan, adibidez. Azken urteetan hiru gerra oso jarraian pairatu dituzte, eta larrialdietan oso trebeak dira. Ez dute izango zera edo bestea, baina ez dagoen tokitik ateratzen dute aurrera egiteko behar dutena. Halere, ikusten dut sendagai falta izugarria dutela. Guk umeak operatzen ditugu, batzuetan ebakuntza oso potolak izaten dira, eta konturatzen gara operazio osteko minari aurre egiteko botikak falta dituztela. Berez prestatuta daude, baina baliabideak falta zaizkie. Israelek eta Egiptok kontrolatzen dute Palestinako sarrera, eta murrizketak nabarmenak dira. Politikan ez naiz sartuko, baina Gazan Hamasek agintzen du, eta Al Fatarekin arazoak dituzte; horrek ere areagotzen du egoera.

Zuek nola hartu izan zaituztete hara joatean?

Ondo baino hobeto. Beti eskuzabalik hartzen gaituzte, beraiek ahal duten dena egiten dute gu gustura egoteko: zerbait eskatzen badugu eta ez baldin badute, saiatuko dira nonbaitetik ekartzen... Laguntzeko prest egoten dira beti, eta ondo sentiarazten saiatzen dira. Gutxi dute, baina duten gutxi hori emateko daude.

Nolako taldea joaten zarete Munduko Medikuakekin?

Elkarteak Espainiatik ekartzen ditu medikuak; bi traumatologo eta anestesista bat. Eta ni Jerusalemetik joaten naiz. Denak boluntarioak dira. Askotan zailena medikuak topatzea izaten da; utzi izan ditugu bidaiak bertan behera mediku faltagatik. Normala da; izan ere, boluntarioak dira, oporrak hartzen dituzte etortzeko eta askotan ospitaleek zailtasunak jartzen dizkiete. Mediku lanak egiteaz gain, Gazako medikuei irakatsiko dien jendea nahi izaten dute. Ez da izaten Gazara joan, operatu eta listo. Hango medikuei hainbat gauza nola egin erakusten diegu, beti ospitaleko langileekin aritzen gara lanean. Hango medikuek ebakuntza egin bitartean formazioa jasotzen dute.

Gerrak utzitako ondorioetako bat al da umeek traumatologia arazoak izatea?

Bai. 2016an, lehen aldiz joan ginenean, artatu gabeko ume asko ikusi genuen. Gerra izan zen 2014an, 2.500 hildako-edo izan ziren, eta sasoi hartan ezin izan zituzten artatu jaioberriak ziren eta oraindik oinez ibiltzen ez ziren umeak. Bere garaian behar zuten arretarik ez zuten jaso, eta gaur egun ikusten dira ondorioak. Garai hartan plakak atera eta igeltsuarekin konpon zitezkeen arazoak, baina gaur egun ja ez. Taldeko mediku bat baino gehiago harritu izan da halako kasuak ikusita. Gerrak ondorio zuzenak ez ezik, zeharkakoak ere eragin ditu.

Gerra hartatik lau urte pasatu dira. Ba al da Gazan gerraren arrastorik?

Zonalde batetik bestera aldea dago. Leku batzuetan hutsune handiak daude, ez baitute berriz eraiki. Gaza Cityn, adibidez, eman diote buelta. Dena den, erdia eraitsita eta erdia zutik dauden eraikinak ere ikus daitezke. Beraiek esaten dute ahal duenak eraiki duela zerbait, eta eraiki ez duenak ere ahal duena egin duela. Herritarrek esaten dute diru sarrerak asko murriztu zaizkiela azken urteetan. Dena den, ez dute asko hitz egiten politikaz, baina zerbait galdetuz gero, erantzuten dute. Orokorrean, pasatu dituztenak pasatuta, oso jende gogorra edo kementsua da hangoa. Ez dira penak kontatzen jardutekoak.

Nola akordatzen zara lehen aldiz Gazara sartu zinen egun harekin?

Oso gogorra egin zitzaidan. Harresia ikusteak barrua mugitzen dit. Ez dut ulertzen gaur egun nola egon daitekeen horrelako harresi bat. Gazara joatea oraindik eta gogorragoa egiten da. Gu Israeletik sartzen gara, eta lehenengo kontrol bat pasatzen dugu. Gero, harresi handi horrekin egiten dugu topo, eta ondoren pasarela moduko batetik igarotzen gara. Hesiz inguratuta dago gunea, kartzela baten modukoa da. Hirigunean sartzean beti esan izan dut aire libreko kartzela bat bat bezalakoa dela Gaza. Asko eragiten du. Gazako irteera ere oso gogorra egiten zait. Zortzi-bederatzi aldiz izan naiz jada, jendea ezagutu egiten dut, eta haiek ezin dutela irten ikustea... Ni joan eta etorri egiten naiz, pasatzen ditut kontrolak, baina haiek ezin dute handik irten. Askatasun falta hori izugarria da, eta handik etortzean pena izaten dut, ez baitut ulertzen gaur egun horrelako egoerak nola egon daitezkeen.

Gazan astebete pasatu eta Jerusalemera bueltatzean, erraz egiten al zara egunerokora?

Kostatu egiten da pixka bat. Egia esan, gogorra egiten zait. Umeak ditut, eta handik itzultzean, askotan gogorarazten diet zer pribilegiatu diren, non jaio diren eta zenbat gauza dituzten. Han urte osoan sandaliekin ibiltzen dira umeak, izan negu edo uda; argia egunean zortzi orduz baino ez dute, eta izan dezakete goizez, arratsaldez edo gauez. Horrelakoak ikustean konturatzen zara guk zer daukagun; izan ere, argindarrik gabe ordubete pasatu behar, eta... Erlatibizatzen ikasten da, eta gehiago baloratzen dituzu beste gauza batzuk. Handik itzultzean barrua ukituta izaten dut; ze gero egunerokoan sartzen gara, eta ahaztu egiten zaigu dena.

Zer ikasi duzu Gazako esperientzietatik?

Batetik, lanean ikusi dut jendeak zer erraztasun duen baliabide gutxirekin aurrera egiteko. Gu oso eroso bizi gara, baina ikustekoa da jendeak gutxirekin zenbat egiten duen. Esperientzia oso aberasgarria izan da, beraiek ere ikaragarri ematen dute, eta horrek asko esaten du pertsonengatik. Pertsona eta erizain bezala esperientzia oso aberasgarria izan da. Apirilean goaz berriz ere.

Jerusalemera nola egokitu zarete?

Ohitu gara. Aldaketa handia izan zen hasieran. Gainera, Jerusalemek erlijio ukitu oso handia dauka, bi zatitan banatuta dago; batean musulmanak bizi dira eta bestean juduak. Bi zati nabarmen ditu hiriak, eta horrek ere harritu ninduen. Leku berean bizi dira, baina konfrontatuta. Guretzat harrigarria izan zen erlijioak eta fedeak haien eguneroko bizimoduan zer garrantzi duten ikustea. Gainerakoan, egunerokoa ez da Azpeitikoa bezalakoa, baina beno... Umeak eskolara joaten dira, igeriketara ere bai, gitarra ikasten du alabak... Eguneroko martxa antzekoa da, baina ingurunea aldatzen da.

Faltan sumatzen duzu Azpeitia?

Bai. Asko akordatzen gara. Halere, teknologiaren aurrerapenekin une oro gaude familiarekin harremanetan. Gertutasun hori sentitzen dugu. Gainera, urtean bitan joaten gara Azpeitira. Egia esan, oso gustura joaten gara.