Elkarretaratzea egin dute azken atxiloketak eta "bakearen etsaien" jarrera salatzeko

Uztarria.eus 2018ko mar. 21a, 22:02

Espainiako Guardia Zibilak Kalera Kalera dinamikako bozeramaile Oihana Garmendia eta Antton Lopez Kubati eta Nafarroako Sortuko arduradun Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitia atxilotu zituen atzo, hilak 20, Belen Gonzalez ETAko preso ohiaren omenaldian "terrorismoa goratzea" egotzita. Atxiloketa horiek salatzeko eta "bakearen etsaiei" geldituko ez direla adierazteko, elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek, Bakearen eta askatasunaren alde. Ez gaituzue geldituko lelopean.

Azpeitiko Sortuk atxiloketak gertatu diren testuingurua nabarmendu du: "Gauza jakina da une honetan ezker abertzalea lanean ari dela aurreko ziklo politikoa behin betirako itxi dadin eta ETA erakundeak ziklo berri honi behin betiko ekarpen bat egin diezaion, urrats erabakigarria egin dezan. Horrek agerian uzten du azken urte luzeetan salatu duguna: badirela sektoreak espainiar estatuan ez dutenak nahi aurreko ziklo hori ixtea eta definitiboki ziklo berri bat zabaltzea". Horren harira, Sortuk esan du "sektore" horiek "erosoago" zeudela aurreko ziklo politikoan. "Ez daukate eskaintza politiko-demokratikorik ez Euskal Herriarentzat, ez Kataluniarentzat ere, azken hilabete luzeetan ikusteko aukera izan dugun bezala. Estatuak ez dio bere biolentziari uko egin nahi sinpleki badakielako biolentziarik gabe ez dela ezer", esan du ezker abertzaleak.

Espainiar estatuak "bere biolentzia" erabiltzen jarraitzen duela salatu dute gaurko elkarretaratzean: "Dispertsioa biolentzia delako, egungo salbuespeneko politika penitentziarioari eustea biolentzia delako, gaixorik diren presoak espetxean mantentzea biolentzia delako eta garaileen eta garaituen errelato bat inposatzen saiatzea ere biolentzia da". Gainera, azpimarratu dute, ezker abertzaleak ez duela onartuko "gezurrezko kontakizunik: "Ez dugu onartuko garaileen eta garaituen, justuen eta injustuen, onen eta gaiztoen kontakizun bat eraiki dadin, lehenik eta behin errelato hori sinpleki gezur biribila delako. 1936ko altxamendu faxistaren ondoren 40 urtez inposatzen saiatu ziren kontakizun berbera, hain zuzen".

"Parametro horien gainean" elkarbizitza eta bakea "nekez" eraiki ahalko direla esan du Sortuk. Horren harira, "ardurarako deia" egin die PP ez beste eragile politikoei: "Ez diezaioten segidismorik egin PPren asmo horri, ez diezaioten oxigenorik eman bakearen etsaiei. Azken batean hori delako jokoan dagoena, herri honen bakea". Irakurketa amaitzeko, beren jarreran berrestu dira: "Edo bakearen eraikuntzaren alde daude eta gaude edo bakearen etsaiekin".