Mahmud Traore: "Askoz hilotz gehiago daude basamortuan, Mediterraneoan baino"

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 21a, 13:42
Mahmud Traore. (Mailo Oiarzabal)

Samba, un nombre borrado dokumentala aurkezten dabil egunotan Azpeitian senegaldarra, Afrikako migratzaileen bizipenak gerturatzeko eta uste ustelak baztertzeko ahaleginean.

Ginea Bissau, Ginea Konakry eta Gambiarekin muga egiten duen lurraldea da Senegalgo Casamence. "Senegalgo euskal herritarrak garela esaten dugu. Lurralde independentista da, nahiz eta nazioartean ez dugun oihartzun handirik izan. Kulturalki ez daukagu zerikusirik Senegal iparraldearekin eta gainerako herrialdearekin", dio Mahmud Traorek (Tenanto, Casamence, Senegal, 1983). 2002an ekin zion "bideari". Hiru urteren buruan, Ceutako (Espainia) hesia gainditzea lortu eta, harrezkero, Sevillan bizi da. Partir para contar liburuan jaso zituen, Bruno Le Dantec frantziarrak lagunduta, bidaia luze eta gogor haren xehetasunak; eta Samba, un nombre borrado dokumentala aurkezten ari da egunotan Azpeitian, gaurko Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira.

Zergatik erabaki zenuen atzerrira irtetea?

Alde egin aurretik, arotz lanak egiten nituen, ikasketak utzita. 18-19 urterekin konturatu nintzen lan egiten nuen aroztegian ez nuela etorkizunik izango. Bezero nagusiak arrantzaleak ziren, eta haiek ere zailtasunekin zebiltzan, arrantza industrialaren eraginez. Hasi nintzen pentsatzen Senegal utzi eta nora joan nintekeen. Asmo berarekin zebilen herrikide bat etorri zitzaidan orduan; hark proposatu zidan elkarrekin abiatzea. Eta horrela ekin nion bideari.

Nora abiatu zineten? Bide horretan topatuko zenituen oztopoen eta zailtasunen jabe al zinen?

Saharaz hegoaldeko migratzaileen gainean hemen zabaltzen diren albisteekin harrituta gelditzen naiz. Izan ere, migratzaile nomadon helburua ez da izaten zuzenean Europara iristea. Nire asmoa Boli Kostara joatea zen. Afrikaren barruan migrazio mugimendu handiak daude; asko mugitzen gara herrialde batetik bestera, Europara iristea pentsatu gabe. Malira iritsi ginenean, ordea, konturatu ginen Boli Kostatik ihesi zetorren jendea zegoela, hango gerratik ihesi. Nora joan erabakitzen ari ginela, gu baino lehen alde egindako herrikide batekin topo egin eta hark esan zigun lortuko zigula Libiarako bidean jartzea. Horrela onartu genuen Libiara joatea, baina jakitun nintzen ez nuela baliabiderik bidaia ordaintzeko. Nigerren, hilabeteetan aritu nintzen lanean, hilean 10 euro kobratuta, desertua zeharkatzen lagunduko ziguten tuaregei ordaindu ahal izateko. Orduan iritsi zen niretzat benetako abentura, basamortua gurutzatzerakoan. Inoiz ez da horretaz hitz egiten, horrek Europarekin zerikusirik ez duelako, baina nire ustez, askoz hilotz gehiago daude basamortuan, Mediterraneoan baino.

Hori izan al zen zure bidaiaren zatirik gogorrena?

Gogorrena eta arriskutsuena. Saharaz hegoaldekook oihana ezagutzen dugu, baina ez basamortua. Bizi baldintzak, tuareg klanen arteko merkantzia trukea... Eta gu ginen haien merkantzia, gaizki zaindutako merkantzia; beren burua salbatzeko basamortuan utzi behar bagaituzte, hantxe uzten gaituzte.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.