Aztarna zaharrak ikertzen jarraitzeko, egoitza berria

Uztarria.eus 2018ko mar. 16a, 10:19

Ireki ditu ateak Antxieta arkeologia taldearen egoitza berriak. Azken hamarkadetan Koartel Zaharrean nahiz Perez Arregi plazako eraikinean zuten lanerako egoitza Antxietakoek. Orain, Perez Arregiko lokala utzi, eta aro berri batean murgildu dira. Izan ere, "Antxietako kideen lana errazteko eta espazio beharrari aurre egiteko" gune berri bat egokitu du Udalak. Hura izango da herriko arkeologia taldearen egoitza aurrerantzean. Atzo, martxoak 15, egin zuten inaugurazio ekitaldia. 

Soreasu eraikineko parking publikorako sarreraren gainean dago Antxietakoen egoitza berria, eta bertan elkartu ziren arkeologia taldeko kideak, haien senide eta lagunak, Udal ordezkariak eta Kultur Mahaiko teknikaria. Kamera eskuan, han eta hemen argazkiak ateratzen aritu zenik ere izan zen inaugurazio ekitaldian. Bertaratu zirenek egoitzari gainbegirada bat eman ostean, Eneko Etxeberria alkateak hartu zuen hitza. "Guretzat ederra da Antxietakoekin lan egitea, zein ginen eta nolakoak ginen erakusteko aritzen direlako lanean. Horregatik, Udaletik eskerrak ematen dizkiogu Antxietari", esan zuen Etxeberriak. Horrez gain, arkeologoen egoitza "garrantzitsua" dela esan zuen alkateak, "transmisiorako" eta belaunaldi berrietako herritarrak "erakartzeko". Rafael Rezabal Antxietako kide ohiak ere hitz egin zuen atzoko inaugurazioan. Antxietako lagunek egindako lanari egin zion erreferentzia: "Lan asko egin dute hemen aritu direnek, baina ziur, aurkikuntza ikaragarriak egingo ditugula oraindik". 

Jose Inazio Arrieta Antxietako kideak ere hartu zuen hitza, eta eskerrak emanez hasi zen solasean. Lehenik Maria Jesus Arregiri eta haren senarra zen Andoni Albizuriri eman zizkion eskerrak, haien ganbaran eman zituelako aurreneko urratsak arkeologiaren munduan. Udalari ere eman zizkion eskerrak, lanerako espazioa egokitzeagatik. Ondoren, egoitzan egin ohi duten lana azaldu zien Arrietak inaugurazio ekitaldira bertaratu zirenei. Antxietako kideek, lehenik, aurkitzen dituzten materialak garbitu eta lehortu egiten dituzte. Behin hori eginda, argazkiak ateratzen dizkiete aurkitutako piezei. Ondoren, materialak modu zehatz batean izendatzen dituzte, jarraian Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen material arkeologikoen Gordailura eramateko.

1965ean sortu zuten Antxieta taldea. 50. urte egin zituen 2015. urtean, eta taldearen ibilbidearen gaineko errepasoa egiten duen Antxieta arkeologi taldea, 50 urte lanean gozatuz liburua kaleratu zuten, Udalaren laguntzarekin. Urteurrenaren harira, Antxietaren inguruko erreportajea egin zuen Uztarriak aldizkariaren 178. zenbakian.