Atzo hasita, Sanjuandegiko auzo lokalean ere ari dira Urola Erdiko Mankomunitateko langileak hondakinen bilketa sistema berrirako beharrezkoak izango diren txipdun txartelak banatzen. Landa eremuan martxan da dagoeneko hondakinak biltzeko sistema berria, baita hondakin sortzaile handien bilketa sistema ere, eta aurreko astean hasita, herrigunean ari dira organikoaren eta errefusaren edukiontziak zabaltzeko beharrezkoak izango diren txartelak banatzen.
Joan zen ostegunean eta ostiralean Urrestillan banatu zituzten txartelak, eta aste osoan zehar Azoka Plazan. Dena den, lehengo astean txartelak jaso ez zituzten Urrestillako bizilagunek egunotan jaso ahal izango dituzte txipdun txartelak Azoka Plazan. Izan ere, aste honetan ere jarraituko dute Azoka Plazan banaketa egiten, eta, gainera, Sanjuandegin ere jaso ahal izango dituzte txartelak han hartzea dagokien herritarrek. Hain zuzen ere, auzo horretako auzo lokalean, igerilekuaren eraikinean dagoen gunean, banatuko dituzte txartelak zapatua bitartean. Astegunetan 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara izango dira zabalik bi guneak; zapatuan, berriz, goizez bakarrik irekiko dituzte, 10:00etatik 14:00etara. Txipdun txartelekin batera, behar dutenek hondakin organikoentzako etxerako ontzi marroiak ere jaso ahalko dituzte. Udalak azaldu duenez, orokorrean, "gustura eta martxa onean" ari dira herrigunean hondakinak biltzeko sistema berria jartzeko azken urratsak egiten. Gainera, Udalak gogorarazi du herritarrak beren kezkak argitzeko aukera ere badutela informazio gune horietan. Gainera, joan den astetik, edukiontzi horiak eta urdinak -plastikoarena eta paperarena- aldatzen ari dira herrian.
Txipa beharrezkoa, astelehenetik aurrera
Behin herritarrei txipdun txartelak banatuta, datorren astelehenean, hilaren 29an, hasiko dira errefusaren eta organikoaren edukiontziak aldatzen. Udalak azaldu duenez, "pixkanaka" aldatuko dituzte edukiontzi horiek, baina zenbait auzotan astelehenetik aurrera txipdun txartelak beharko dituzte herritarrek edukiontzi grisak eta marroiak zabaltzeko. Horregatik, Udalak adierazi du beharrezkoa dela lehenbailehen txartelak jasotzea. Erakundeak zehaztu duenez, otsailaren 10a bitartean edozein edukiontzi zabaldu ahalko dute herritarrek eskuratzen duten txartelarekin, baina egun horretatik aurrera, herritar bakoitzak dagokion edukiontzia soilik ireki ahal izango du.