Irudhitzen lehiaketa

Irati Arangurenek irabazi du Irudhitzen lehiaketaren testuen atala

Arangurenek argazki honi jarri dizkio epaimahaiak aukeratutako hitzak. (Javier Bastida)

Javier Bastidaren argazkiari jarritako testuarekin irabazi du Arangurenek testuen lehiaketa, eta 150 euroko saria eskuratuko du. 

II. Irudhitzen lehiaketaren testuen ataleko epaimahaiak hala erabakita, Irati Aranguren azpeitiarrak irabazi du idatzizko lehiaketa. Gaur, abenduak 12, jakinarazi dute epaia Xabier Gantzarainek, Alaitz Olaizolak eta Miren Gorrotxategik. Arangurenek Javier Bastidaren argazkiari jarritako testua da epaimahaikideek nabarmendu dutena, eta horrenbestez, 150 euroko saria eskuratuko du hitzen sortzaileak. Ez da Arangurenek idatzi eta aukeratu duten testu bakarra, haren beste bi testu ere jasoko dituelako 2018ko egutegiak. 

Honakoa da testu saritua:

- Sehaskaren kunkuna, egizu lo kuttuna, badator ta iluna. 

- Gauaren dama, gorria dana, ametsetara narama. Goxoloin ama!

Egutegia osatuko duten beste 11 irudiei lagunduko dieten testuak ere epaimahaikideek aukeratu dituzte, eta honako egile hauenak dira: Jon Gurrutxaga, Ihintza Elustondo, Ion Aramendi, Peru Aiartza, Maialen Etxaniz, Markel Urrutikoetxea eta Amaia San Vicente. Egile batzuen kasuan, haiek idatzitako testu bat baino gehiago aukeratu ditu epai-mahaiak. 

II. Irudhitzen 

Aurten, LurraUraHaizea eta Sua izan dira Irudhitzen lehiaketaren aurtengo gaiak. Sariketara aurkeztutako argazki guztietatik, Alberto Belokik ateratako irudi bat nabarmendu zuen epai-mahaiak, eta horrenbestez, 150 euro jasoko ditu Belokik. Saritutako irudiaz gain, Belokiren beste lau irudi ere aukeratu zituzten egutegirako. Gainerako irudiak honako herritar hauenak dira: Iñigo Dominguez, Iñigo Olarte, Juan Carlos del Pozo, Javier Bastida, Iñaki Aranburu eta Jon Aizpuru. Azpeitiko Argazki Elkarteko Juan Mari Ibarzabalek, Gorka Arregik eta Valen Garciak osatu zuten irudien ataleko epaimahaia. 

Guztira, 67 argazki eta 40 testu aurkeztu dituzte Irudhitzen lehiaketara. 

Sari banaketa ekitaldia egingo du Uztarriak, epaimahaikideekin eta sarituekin, baina data zehaztu gabe dagoenez, komunikazio taldeak aurki emango du horren berri. 

Egutegia eta erakusketa

Uztarria Komunikazio Taldeak urtarrilaren hasieran banatuko du Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako irudiekin eta testuekin osatutako 2018ko egutegia. Ondoren, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean, erakusketa jarriko du Sanagustin kulturgunean, II. Irudhitzen sariketara aurkeztutako testu eta argazki guztiekin. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide