Hernandorena Sariketako txapela lortzeko atarian gelditu da Jon Gurrutxaga

Uztarria.eus 2017ko aza. 28a, 10:29
Hernandorena Sariketan parte hartu zuten bertsolariak. Ezkerretik aurrea da Gurrutxaga. (Bertsozale Elkartea)

Sei bertsolarik zapatuan jokatu zuten sariketako finala Baionako Zizpa gaztetxean. Maider Arregi eta Jon Gurrutxaga sailkatu ziren buruz burukora, eta Jon Gurrutxagak ezin izan zuen txapela jantzi; bigarren egin zuen. 

Jon Gurrutxaga bertsolari azpeitiarra bigarren sailkatu zen larunbatean Baionako Zizpa gaztetxean jokatu zen Hernandorena Sariketako finalean. Gurrutxagaz gain beste bost bertsolarik parte hartu zuten lehian: Aratz Igartzabal, Maialen Akizu, Maider Arregi, Nahia Sasco eta Aitor Servier. Gurrutxaga eta Maider Arregi iritsi ziren buruz burukora, eta Arregi nagusitu zen saioaren azken txanpa horretan. 

Hainbat lan egin behar izan zituzten bertsolariek: zortziko txikikoa, 8ko handikoa, puntu-erantzunak eta hamarreko txikia. Lan horiek eginda puntu gehien Arregik eta Gurrutxagak jaso zituzten. Lehenen eta bigarren sailkatu ziren bertsolari horiek, eta Aitor Servier izan zen sailkapeneko hirugarrena. Aratz Igartzabalek, berriz, publikoaren Zizpa saria jaso zuen.