Bihurrikeria, garesti

Uztarria.eus 2017ko aza. 23a, 18:53
IƱaki Agirrezabala, Frontoi Txiki ondoko parkean, isuna eskuetan duela. (Ihintza Elustondo)

Azaroko Uztarria aldizkaria webgune honetan irakur daiteke dagoeneko (hemen, PDF formatuan). Herri aldizkariaren 199. zenbaki horretan dator, besteak beste, Udaltzaingoaren egoitzan dagoen kalabozoko istorioen kontakizun hau.

Jaio orduko esaten digute zer dagoen ondo eta zer gaizki. Hau bai eta beste hau ez. Dena den, egin behar ez den hori erakargarri egiten zaio hainbati. Zigortua izateko arriskuak tximeletak sortu ohi ditu sabelean. Kili-kili moduko zerbait. Ondo daki hori zer den Iñaki Agirrezabalak (Matxinbenta, 1956). Garesti atera zitzaion 17 urte zituela egindako bihurrikeria.

Duela gutxi, etxeko trasteen artean aurkitu zuen 1973ko uztailaren 31ko data duen isuna, orduko alkate Silvestre Otamendik sinatua. "Cometio usted actos de gamberrismo con otros amigos en el parque infantil", dago idatzita. Hau da, agiriaren arabera, egin behar ez zuen zerbait egin zuen egun hartan.

Saninazioak ziren, eta Matxinbentatik Azpeitira etorri ziren beti elkarrekin ibili ohi ziren lau lagun. Diru gehiena autotxokeetan gastatu bazuten ere, tonbolarako ere gelditu zitzaien zerbait, eta han gastatu zuten beste pixka bat. Han zer tokatuko, eta baloia! Azkoitiko ezagun batzuekin elkartu eta berehala antolatu zuten futbol partida: matxinbentarrak vs. azkoitiarrak.

Frontoi Txiki ondoko parkera joan ziren, 23:30-00:00 aldera. Orduan, hesi batek inguratzen zuen parke hura, eta itxita zegoen, festak zirela eta. Gazteak izanik, berehala saltatu zuten langa. Eta hantxe hasi ziren zabuen artean futbolean. "Tarteka, baloia zuhaitz gainean katigatzen zitzaigun, eta burdinezko zaborrontzi bat hartu eta hura zuhaitzera jaurtita berreskuratzen genuen baloia".

Hala ari zirela, ohartzerako, bizpahiru udaltzain sartu ziren parkera. "Ez dakit besteak ni baino azkarrago mugitu ziren edo despistatu egin nintzen, baina bakarrik gelditu nintzen", azaldu du Agirrezabalak. Orduan, korrika hasi ziren udaltzain bat eta bera, banku baten inguruan bueltaka, elkarren atzetik. "Ez ninduen harrapatuko gau guztian ere, baina ''gelditzen ez bahaiz, hartuko dituk ederrak' esan zidan, eta gelditu egin nintzen". Udaltzainak gaztetxoari esan zion aurrena berak pasatzeko parkea inguratzen zuen hesia, eta horretan ari zela, bidea libre ikusi eta ospa egin zuen matxinbentarrak.

Landeta aldera joan zen, eta han egon zen pixka batean, norbait agertzeko zain. Azkenean, 01:00 inguruan azaldu ziren bere lagunak, Vespa batean. Haiek ere bazuten zer kontatu: "Udaltzainekin topo egin zuten. Nik alde egin nuenez, ez zen gelditu nire izen-abizenik inon gordeta, eta horiexek behar omen zituzten derrigor. Azkenean, lagun batek eman egin zizkien".

Igande gauean, abisua iritsi zen Matxinbentara: Azpeitiko udaltzainen bulegora joateko. "Joan nintzen, eta esan zidaten: 'Gau guztia kalabozoan pasatu beharko duk!'". Entzundakoa entzunda, horretarako prestatzen hasi zen Agirrezabala: "Banku luzexka bat zegoen kalabozoan, eta bi-hiru txaketa zahar topatu nituen buru aldean ipintzeko". Hantxe etzanda zegoela, ordu eta erdi inguru igaro zenean, atea zabaldu zuen udaltzain batek. "Zirrikituren batetik ikusi ninduen, eta 'honek lo hartuko dik, gainera', pentsatuko zuen. Sekulako errieta entzun nuen, burla egin niola eta".

Galantak entzunda baina aske utzi zuten mutikoa. Hori bai, ez zitzaion merke atera bihurrikeria: 250 pezetako isuna jarri zioten. "Orduan, 100 pezetan afaldu egiten zenuen, eta niri bi afari izorratu zizkidaten", dio umoretsu. Duela 44 urte gertatu zen hori guztia, eta sasoi hartako anekdota gehiago ere baditu buruan: balkoi batetik oheko estalki bat lapurtu zutenekoa, etxe batetik lorontziak hartu eta beste batean jarri zituztenekoa... "Ez genuen uste ezer gaizki egiten genuenik, baina gaizki eginda egongo ez ziren ba!". Halakotxeak ziren Matxinbentako lau lagunak: "Beti zerbait ezberdina egin behar izaten genuen!".

Kalabozoaren erabilera, beheraka

Udaltzainen eraikin zaharreko kalabozoa zen Agirrezabalak ezagutu zuena, eta azpeitiar bat baino gehiago igaro zen handik, arrazoi ezberdinak tarteko. Dena den, 1980ko hamarkadaren amaieran berritu egin zuten eraikina, eta bi kalabozo txiki egin zituzten bertan. Asko erabiltzen ez zirela ikusita, ordea, horietako bat aldagela bezala erabiltzen hasi ziren, eta bestea da egun mantentzen dena.

Jose Anjel Aristi (Urrestilla, 1959) udaltzainburuaren arabera, lehen kalabozotik jende asko pasatzen zen arren, egun, ia ez da erabili ere egiten. "Normalean, bakarren bat atxilotzen badugu, ertzainekin jartzen gara harremanetan: guk eramaten dugu atxilotua beren egoitzara edo beraiek etortzen dira bila. Gerta daiteke justu une horretan guk ezin dugula joan eta beraiek ezin dutela etorri, eta kasu horietan, agian, ordu erditxo batez edukitzen dugu atxilotua kalabozoan. Garai batean, ordea, atxilotuak hemen edukitzen genituen epailearen aurretik pasatu arte, eta jendeak gau bat edo bi ematen zituen bertan".

Ondo gogoan ditu Aristik aspaldi gertatutakoak: "Baziren batzuk hona askotan etortzen zirenak. Batek alde ere egin zuen, sabaia zulatuta. Garai hartan sabaia egurarrekin edo karearekin egindakoa izango zen, eta zulatu eta Enparan kaleko portalera irten zen". Azpeitiarra zen, gainera, eta ez zuten harrapatu.

Halere, udaltzainburuak nabarmendu duenez, "herri lasaia" da Azpeitia. Gutxitan atxilotzen dute jendea, eta ez da arazo askorik izaten. "Bakarren bat lapurretan harrapatu dugulako edo borrokaren bat izan delako atxilotu izan dugu, baina oso kasu bakanak izan dira. Emakumeen aurkako erasoak izan dira azken aldian gehien tokatu zaizkigunak".

Gauza bat, behintzat argi dago: gero eta jende gutxiagok zapaltzen du kalabozoa herrian. Atxiloketen zergatiak entzunda, ordea, norberak atera ditzala ondorioak.