Eusko Label Saria Urrezko Aizkolari Kopako kanporaketa jokatuko dute Mikel Larrañagak eta Jon Rekondok larunbatean, Urrestillako Txikuri pilotalekuan, 17:00etan hasita. Larrañaga azpeitiarraren eta Rekondo leitzarraren arteko lehia irabazten duenak finalerdietarako txartela eskuratuko du, eta Iker Vicenteren aurka neurtu beharko ditu indarrak. Zapatuko kanporaketan 12 enbor ebaki beharko dituzte bi aizkolariek.
Gainera, aizkolari kopako kanporaketaz gain, Gabonetako Harrijasotze Kopako kanporaketa ere jokatuko dute. Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarra eta Jon Gisasola mallabiarra ariko dira nor baino nor. Bi harri-jasotzaileek 100 kiloko zilindro zaharrarekin, 100 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin egin beharko dituzte lanak.