Azaroak 20: Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna

Herritarra 2017ko aza. 20a, 19:41

Partidako lehen zatiaren amaieran aurka gol bakarra izateak berdintzeko edo, zergatik ez, irabazteko ere esperantzarik emango zion entrenatzaileari bigarren zatirako. Kontua da, bigarren zatian bost gehiago jaso zituztela, eta horiek denak ordurako zelairatu zuen atezainak, gainera. Punturik gabe eta bost gol jasota etxera; horrela da futbol partiden txapelketa.

Ez dirudi entrenatzailearentzat irensteko erraza denik emaitza hori, kanpoan jokatzen ari baziren ere. Eta hortik, partida amaieran entrenatzailearen ezinegona. Bakarrik hartu zuen atezaina partida amaitu orduko, eta zelaian bertan, han ziren denek entzuteko moduan, jesusenak eta bi (sekulakoak) esanez eraso zion 12 edo 13 urteko mutikoari. Eta segi eta segi egiten zuen, harik eta mutikoaren aita gerturatu zen arte. Entrenatzailearen hitz jario ozena aitarengana bideratu zen orduan, eta aitak sikiera erantzun egiten zion.

Bertan bildutakoen ahotan, "zatarra", itsusia, gertatu zen larunbateko partida ondorengo udal futbol zelaiko ikuskizuna.

Gaur, azaroak 20, Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna izanik, ez nuen hori dena kontatu gabe gelditu nahi; eskubideak aitortu ezean, nekez ikusiko baitugu horien urraketarik.

Zail da inperioko hormen babesean ematen diren haur eta nerabeen eskubideen urraketak ikustea eta aitortzea, kostatu egin da Elizan, kostatu Hollywooden, eta kostatu egingo da gure herrietako udal berdeguneetan.

Futbolean aritzea hain denean jolas gozagarria haur eta nerabeentzat.