Zinema ekoizpenean interesa duten herritarren bila ari da Erabaki Produkzioak, esku artean duen proiekturako

Uztarria.eus 2017ko urr. 24a, 21:07

Ekoizpena, lokalizazioa, irudia, soinua eta interpretazioa atsegin duten herritarrei dei egin diete, eskualdean gertatutako istorio batean oinarritutako filmaren ekoizpenean beren alea jar dezaten. Herritarren esperientzia falta ez dute kontuan hartuko, betiere parte-hartzaileak laguntzeko prest agertzen badira.

Proiektu berri batean murgilduta dabiltza Erabaki Produkzioakeko kideak azken hilabeteotan. Orain arte egin duten ibilbidean pauso bat gehiago eman nahi dute, eta oraingoan Urola bailaran gertatutako istorio bat kontatuko duen film bat egin nahi dute. Horregatik, "bailarako baliabideak erabiliz" egin nahi dute hurrengo urratsa. 

Erabaki Produkzioakeko kideek azaldu dutenez, "Azpeitian eta inguruetako herrietan bada zine zaletasuna, baita zinegintzarako zaletasuna ere", eta horretaz baliatu nahi dute beren lana osatzeko. Horren harira, dei egin diete proiektuan interesa izan dezaketen herritarrei: "Ekoizpena, lokalizazioa, irudia, soinua eta interpretazioa atsegin duten, edota, besterik gabe, ikus-entzunezkoen mundu eder hau barrutik ezagutu nahi duen herritar oro gonbidatzen dugu gure proiektu berrian parte hartzera". 

Parte-hartzaileen esperientziak ez dio ardura Erabaki Produkzioaki, baldin eta interesa agertzen duten herritarrak laguntzeko prestutasuna erakusten badute. Proiektuan murgildu nahi duten edo informazio gehiago jaso nahi duten herritarrek erabakiprodukzioak@gmail.com helbidera idatzi edo 637-55 17 05 (Asier Sustaeta) zenbakira dei dezakete.