Igandera bitartean eman daiteke izena Dinamoko koadernazio tailerrean

Uztarria.eus 2017ko urr. 24a, 15:11

Ikastaroan, orriak koaderno forman josteko teknikak irakatsiko ditu Leire Arenasek, beti ere norbere helburura egokitu eta bakoitzaren estilo librea baztertu gabe.

Dinamoaren eskutik, koadernazioari buruzko tailerra eskainiko du Leire Arenasek Azpeitian. Azaroaren 2tik 25era bitartean izango da ikastaroa: asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara. Dena den, azaroaren 1a jai eguna denez, lehenengo saioa ostegunean egingo dute. Gehienez, 15 lagunek har dezakete parte egitasmoan, eta izena eman nahi duenak hilaren 29ra bitartean egin dezake, 20 euroren trukean.

Ikastaroan, orriak koaderno forman josteko teknikak irakatsiko ditu Arenasek, beti ere norbere helburura egokitu eta bakoitzaren estilo librea baztertu gabe. "Lan egiteko oinarrizko materiala papela izanik, berau nahi bezela manipulatuko dugu, eta estanpazioa, transferra, marrazketa edota kolaxa bezalako teknika grafikoak landuko dira. Amaieran, nork bere lan bukatua (izan koaderno, album, fanzine, artista liburu...) eskuartean izatea litzateke helburua, eta bide horretan, gozatzea", diote antolatzaileek.