Zabaldu dute XVII. San Silbestre proba herrikoian izena emateko epea

Uztarria.eus 2017ko urr. 23a, 14:44
Iazko San Silbestre proba irekian hartutako irudia. Atzegiko dozena pasa lagunek hartu zuten parte bertan.

Beste urte batez lasterketa irekia eta proba herrikoia antolatu ditu Xeye Atletismo Taldeak. Lasterketa irekia "inklusioaren aldeko korrika saioa" izatea nahi du Xeyek, eta nahi duen orok har dezake parte "600 metroko jaian". Proba herrikoia 6,2 kilometrokoa izango da, eta izen-ematea kirolprobak.com atarian egin behar da, 9 euro ordainduta. Aurrenekoz, hilaren 30ean dortsalak jasotzeko aukera egongo da. 

Eman daiteke izena abenduaren 31n jokatzen den San Silbestre lasterketa herrikoirako. Xeye Atletismo Taldeak antolatuta, bi lasterketa izango dira aurtengoan ere: proba irekia eta proba herrikoia. Aurrena 11:30ean hasiko da eta bigarrena 12:00etan.

Lasterketa irekiak ez du sailkapenik izango, ezta izen-ematerik ere. Xeyek azpimarratu du "inklusioaren aldeko korrika saioa" izango dela: "Aukera bikaina iruditzen zaigu, besteak beste, haurrek beren gurasoekin parte hartzeko, korrika inoiz egin ez duen jendea une batez hortan aritzeko eta inklusioaren aldeko aldarri honetan norbere aletxoa jartzek". Lasterketa irekia "600 metroko jaia" izatea nahi du atletismo taldeak.

Proba herrikoiak, aldiz, 6,2 kilometro izango ditu (goiko irudian). Bertan parte hartzeko izen ematea www.kirolprobak.com atariaren bidez egin daiteke, 9 euro ordainduta. "Sailkapena lehiatuko dutenetatik harago, gure nahia da jendeak kirola eginez agurtzea urtea. Horretarako, iruditzen zaigu egin beharreko distatzia egokia dela", azaldu du Xeyek.

Dortsalak lasterketa egunean banatuko dira, 10:30etik proba hasi baino orduerdi lehenago arte, baina aurreneko aldiz, dortsalak aurrez jasotzeko aukera izango da abenduren 30ean, Azoka Plazan. Aurten, guztira, 900 dortsal egongo dira eskuragarri. Dutxak Izarraitz pilotalekuan jarriko dituzte, irteera gunetik 100 metrora. Arropak uzteko aukera ere bertan izango da.