Kattalin Ansorena 'Mirri': "Jendeak ezustekoa hartzen du eta oso ondo pasatzen du saioetan"

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 19a, 13:51
Txiribiton, Txirri eta Mirri. (Txirri, Mirri eta Txiribiton)

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek Patxistein Doktorea taularatuko dute zapatuan Soreasu antzokian (17:00). DVD berria grabatzeko baliatuko dute, gainera, Azpeitiko emanaldia. Kattalin Ansorena Mirriri (Donostia, 1986) elkarrizketa egin diote Urola Kostako Hitzan.

Patxistein Doktorea emango duzue Soreasun, orain dela 25 urte sortutako lanaren egokitzapena. Nola moldatu duzue?

Asko gustatzen zitzaigun istorioa eta berritu egin dugu ikuskizuna. Originala baino pixka bat laburragoa da. Iruditzen zaigu ordubete tamaina ona dela umeen arreta mantentzeko, eta geuri ere dinamikoagoa eta politagoa iruditzen zaigu horrela. Esketx berriak ere aukeratu ditugu; lehenengo zatia beste modu batekoa da, ez da beraiek grabatu zuten hura bezalakoa. Bigarren zatia, Patxisteinen istorioa, bai dela gauza bera, baina pixka bat moztuta eta moldatuta.

Noiztik zabiltzate ikuskizun honekin? Zer moduzko harrera ari da izaten?

2016ko azaroaren 26an egin genuen aurrestreinaldia Iruñean, eta abenduaren 18an estreinatu genuen, Andoainen (Gipuzkoa). Orain arte 25 bat emanaldi egin ditugu eta harrera izugarri ona izan du ikuskizunak. Jendeak ezustekoa hartzen du eta oso ondo pasatzen du saioetan, eta poz ematen digu. Jendea isil-isilik egoten da, adi-adi, eta derrepente "eeeezzz!" garrasika hasten dira, Patxistein bereak egiten saiatzen denean; horrek ere ematen digu poza.

Soreasukoa emanaldi berezia izango da zuentzat, DVD bat grabatuko baituzue bertan.

Bai, hala da. Librean grabazio taldekoak etorriko dira, eta DVD baterako grabatuko dute saioa. Pixka bat berezia izango da, normalean DVD bat grabatzerakoan ikuskizunean mozketak-eta egon ohi direlako; baina guk zuzenean egingo dugu, beste edozein emanaldi bezala, eta hori jasoko dute grabazioan, bertan gertatzen dena. DVDa Durangoko Azokarako prest izatea nahi genuke, baina ez dut uste iritsiko garenik.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.