Soreasuko sormen gunearen proiektua aurkeztuko dute jendaurrean, urriaren 18an

Uztarria.eus 2017ko urr. 6a, 19:11
Soreasuko erainika. (Hitza)

Behin betiko proiektua osatu baino lehen, obren aurreproiektua aurkeztuko du Udalak, 19:00etan, pleno aretoan. Lehen solairuko espazioaren banaketa, eremuak, haietako bakoitzean zer egongo den... azalduko dute.

Urte eta erdiko parte hartze prozesua egin ostean, joan den udaberrian lortu zuen Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta herriko beste hainbat kultur eragileren adostasuna Soreasuko sormen gunearen proiektuak. Behin proiektua ontzat emanda, azken hilabeteotan obren aurreproiektua osatu du Udalak. Urriaren 18an, 19:00etatik aurrera, pleno aretoan aurkeztuko dute, behin betiko proiektua osatu baino lehen.

Hilabete luzeetan ondutako proiektua da Soreasuko sormen gunearena. Udalak, Kultur Mahaiarekin elkarlanean, “herriko talde eta norbanakoen artean sormen gunearen proiektuaren inguruko hausnarketa eta parte hartzea bultzatu ditu”, Soreasun sortzaileentzat egin nahi den proiektua “herritarren beharretara egokitutakoa izateko”. Hala, uztailaren erdian, 100 lagunetik gora bildu ziren batzar zabalean eman zioten onespena prozesuan adostutako proposamenari.

Batzarrean onartu zen bezala, Soreasuko lehen solairuaren obra bukatzea planteatu dute. “Lehen solairuaren espazio banaketa, eremuak, haietako bakoitzean zen egongo den… zehaztu dugu. Aurreproiektua dugu eskuetan orain, eta aldaketak egiteko unean gaude oraindik. Horregatik aurkeztu nahi diegu herritarrei”, azaldu du Josu Labaka Kultura batzordeburuak. Bileran, mapak, espazioak, eremuen banaketa, ekipamenduaren inguruko xehetasunak… azalduko dituzte.